Hezkuntza Departamentuak ikasgeletara itzultzeko kontingentzia plana diseinatzerakoan “negoziaziorik eta gardentasunik gabe” jardun duela eta plana “eskasa” dela salatu du, beste behin ere, Hezkuntza Komunitatearen Foroak: "Ekarpenak posta elektronikoz jasotzea eta gero ezer ez egitea, hori ez da negoziatzea".
Foroa osatzen duten sindikatu, eragile eta familia elkarteek Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean, hurrengo protesta deialdien berri emateko, eta jakinarazteko ez dutela alde batera uzten greba egun bat egiteko aukera.
Datorren asteartean, hilak 15, elkarretaratzea egingo dute, arratsaldeko 18:00etan, Gazteluko plazan. Horrez gain, bilerak egingo dituzte parlamentuko taldeekin, ikastetxeekin eta guraso elkarteekin. Sare sozialetan aldarrikapenen kartelekin egindako argazkiak zabaltzeko ere eskatu dute.
Izan ere, ikasturteko lehen egunetatik arazoak izaten ari direla salatzen ari dira behin eta berriz plataformako kideak. Haien eskaera nagusien artean daude ratioen jaitsiera, plan pedagogiko adostua, eta kontratazio eta baliabide gehiago.
“Kasu berriak aurreikus zitezkeen”
Kontratazioen inguruan “gezurretan” aritzea ere leporatu diote Carlos Gimenoren departamentuari, ekainean irakasleak kontratatu zituztela dioen arren, hori ez baita horrela, plataformaren arabera. Iragarritako 666 kontratazioei dagokienez, oraingoz soilik 171ren berri izan dutela jakinarazi dute.
Eskoletan agertzen ari diren kasuei buruz galdetuta, “aurreikusi” zitezkeela esan dute, eta “baliabide gehiagorekin eta talde txikiagoekin” saihestu zitezkeela.