Nafarroako Gobernuak eta Gurutze Gorriak hitzarmena sinatu dute bazterketa arriskuan dauden migratzaileak egoitzetan hartzeko

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 27a, 11:39
Nafarroako Gobernua eta Gurutze Gorriaren arteko hitzarmenaren sinaketaren taldeko argazkia. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroako Gurutze Gorriak 135.000 euroko diru laguntza jasoko du egoitza baliabideak eta harrera programak kudeatzeko. Proiektu berri bat hitzartu dute Iruñeko Udalarekin, Laguntzailea izenekoa. 

Nafarroako Gobernuak 135.000 euroko diru laguntza eman dio Nafarroako Gurutze Gorriari, 2020. urtean gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden migratzaileei harrera egiteko programa garatzeko. Akordioan, migratzaileak egoitzetan hartzeaz gain, arreta, orientazioa, prestakuntza eta gizarteratzea ere eskaintzen diete.

Lankidetza horren barruan aurreikusitako edota jada gauzatutako ekintzen artean, aldi baterako etxebizitza baliabideak nabarmentzen dira: hamalau egoitza plaza eskainiko dituzte, eta 40 pertsona inguruk erabili ahal izango dituzte.

Bestalde, bakarrik edota beren kargura adingabeak dituzten emakumeentzako aldi baterako ostatu baliabideari dagokionez, Gurutze Gorriak Tuteran duen pisuan zortzi egoitza plaza izatea da helburua; 15 eta 20 pertsonak erabili ahal izango dute baliabide hori urtea amaitu arte.

Era berean, hitzarmenak aldi baterako behin-behineko harrera dispositibo bat jasotzen du, apirilaren 1etik ekainaren 15era bitartean abian jarria, COVID-19k eragindako krisiaren ondorioz migratzaile batzuek bizi duten egoerari erantzuteko. Hitzarmenaren arabera, Gurutze Gorriak lau pertsona hartu ditu Iruñeko etxebizitza batean.

Ezarritako helburua da 2020an zehar sei etxebizitza plaza izatea Iruñean, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden gizon gazte migratzaileentzako aldi baterako bizitokigisa; 18 eta 30 urte bitarteko 15 eta 20 pertsona artean izan daitezke aldi horretan baliabide horren onuradun.

Hitzarmena gaur, abuztuaren 27an, sinatu dute Nafarroako Jauregian Eduardo Santos Politika Migratorioetako eta Justiziako kontseilariak eta Rafael Huarte Nafarroako Gurutze Gorriko presidenteak.

Laguntzailea programa

Proiektu berri bat hitzartu dute Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren arteko lankidetzaren ondorioz, Gurutze Gorriaren esku hartzea izango duena. 

Programak Iruñeko Udalaren larrialdietako etxebizitzetan seme-alabekin bakarrik bizi diren emakume migratzaileei laguntzeko baliabideak eskainiko ditu. Zortzi familia unitatek hartuko dute parte proiektu pilotu horretan, eta aldi baterako 14 harrera plaza izango dituzte Nafarroako Gurutze Gorriak Iruñean eta Tuteran dituen baliabideetan.

"Kohesionatzeko harrera"

Hitzarmena sinatu ostean, migratzaileei harrera egitea "herritar guztien beharra" dela azpimarratu du Eduardo Santos Migrazio Politika eta Justizia sailburuak, justizia sozialagatik ez ezik, gizarte kohesionatua izateko. "Nafarroa harrerako lur gisa ikusteak inor baztertuta geratuko ez den gizarte bat eraikitzen lagunduko digu", azpimarratu du.

Kontseilariak eskerrak eman dizkio Nafarroako Gurutze Gorriari harrera eta laguntza programa horien garapenean egindako lanagatik, eta azken urteetan gauzatzen ari den plan integralen "emaitza ona" azpimarratu du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!