Irurtzun eta Lekunberri lotuko dituen gas hodiarendako ibilbide berria proposatu du EH Bilduk

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 26a, 14:06

Helegitea aurkeztu diote Negdia Navarra enpresaren proiektuari, Aralarko mendizerra zeharkatuz, ingurugiroan eginen den kaltea handiegia izanen dela salatuz. Plazolaren ibilbidea propostau dute alternatiba gisa.

"Astakeria da eta zentzugabekeria da planteaturiko proiektua" adierazi du Oihana Olaberria Arakilgo alkateak, "Espreski babestutako Aralarko zonaldea zeharkatuko luke eta 5.000 zuhaitzen mozketa eragingo luke gas hodia Irurtzundik Lekunberriraino eramateko proposaturiko ibilbideak". Olaberriak azaldu duenez, ez da inolako azterketa topografikorik egin "Bidean zonalde karstikoa zeharkatzea proposatzen baita, bertan izanen diren zulo, leize eta abarrekin".

Arakil eta Larraungo Udalek helegitea aurkeztu diote proiektuari eta alternatiba ere jarri dute mahai gainean. "Irurtzun eta Lekunberri artean bada autobide bat, trenbide sare bat, bada zuntz optiko hoditeria...zergatik ez da bide hori erabiltzen?" galdetu du Mikel Huarte Larraungo alkateak. Alternatibak onura ekonomikoak ere izanen lituzte izan ere, hodia eraikita, ingurugiroa berreskuratzeko proiektuak 160.000 euroko gastua suposatuko luke Plazaolako alternatibatik joanez gero eta 2.6milioi eurokoa, Negdia Navarrak planteaturiko ibilbidetik eginez gero.

Helegitea ebatzi bitartean, proiektua bertan behera geratzea eskatu dio Adolfo Araiz, EH Bilduko parlamentariak Nafarroako Gobernuari.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!