NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta NU Nafarroako Unibertsitateak iragarri dutenez, datorren ikasturterako aurrez aurreko ereduaren aldeko apustu irmoa egingo dute, betiere egoera epidemiologikoak modalitate horretan eskolak ematea ahalbidetzen badu, higiene eta urruntze neurriekin. Une honetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutua zentro horien kontingentzia planak aztertzen eta baloratzen ari da, egungo egoerarako egokiak diren zehazteko.
Ana Burusco Nafarroako Gobernuko Unibertsitate zuzendariak azaldu duenez, oraingoz aztertu dutenari dagokionez, osasun publikoaren partea “positibotzat” jo dute, eta orain lan osasunaren partea berrikusten ari dira; hau da, langileek eta irakasleek bete behar dituzten neurriak, nola jokatu positiboak badaude… Edonola ere, Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko profesionalei aurrez aurreko bi unibertsitateen protokoloak "egokiak" iruditu zaizkiela zehaztu zuen.
Egungo agertokiak presentzialtasuna kontuan hartzen duen arren, unibertsitateek "pandemiaren bilakaeraren araberako hainbat agertoki" aztertzen jarraitzen dute. Horren ildotik, Buruscok aurreratu du "egoeraren oso gainetik" egongo direla eta erabakiak "gertaerak gertatu ahala" hartuko dituztela. "Egoerak aldatzen badira, dagoeneko aurreikusita dauden beste neurri batzuk hartuko dira". Halaber, edozein erabaki Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digital eta Osasun departamentuarekin harremanetan jarriko direla azpimarratu zuen.
NUPen hartu dituzten neurriei dagokienez, ikasgelen edukiera berregituratu eta murriztu dute, gomendatutako pertsona arteko distantzia 1,5 metrokoa dela kontuan hartuta, eta zenbait higiene neurri hartu dituzte aurrez aurreko jarduerarako: maskara erabiltzea, eskuak garbitzea, eta abar. NUPek dokumentu espezifiko bat egin du, unibertsitate komunitate osoari zuzendutako higiene neurri guztiak jaso eta azaltzeko. Era berean, “Covid-19 unitate" bat sortu du NUPeko geletan, protokoloak betetzen direla bermatzeko.