Bardeako maniobra militarrak bertan behera uzteko eskatu du Izquierda-Ezkerrak

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 21a, 14:53

Bonbak Bardean, iaz.

Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzan erregistratu du eskaera. Datorren astean aireko maniobrak egingo dituzte parke naturalean.

Bardea aireko maniobra militarretarako agertoki izango da beste behin ere heldu den astelehenetik ostiralera, eta Izquierda-Ezkerrak Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzari eskatu dio maniobra horiek bertan behera uzteko eta Tiro Poligonoa ixteko, bai eta eskaera Margarita Robles Espainaiko Defentsa ministroari helarazteko ere.

Bardea parke natural izendatu zuten 1999an, eta 2000n, Unescoren Biosferaren Mundu Erreserba, Hegaztientzako Babes Bereziko bi Eremu eta hiru erreserba natural baititu. Hori dela eta, Izquierda-Ezkerrak ulertezintzat jotzen du hain balio handiko espazio batek tiro poligono bat izatea, habitatak suntsitzen dituena eta inguruko biztanle nahiz bisitarientzat arriskuak dakartzana.

Bestalde, maniobrek gastu handiak dakartzatela salatu dute, eta covid-19aren krisiak
diru hori ahulenengan eragin dituen ondorio negatiboak arintzeko erabil ditzatela exijitu dute.

Aukera gehiago Madrilen

Koalizioaren arabera, gainera, eskaera une "gako" batean dator; izan ere, Espainiako Gobernuan PSOE eta Undidas Podemos izanda,  aukera gehiago ikusten dituzte aintzat hartua izan dadin. Hala ere, urte luzez errepikatu den eskakizuna dela gogorarazi dute, eta babes eta ekimen falta salatu. Oraingoan, ordea, erantzuna iristea espero dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!