Espainiako Poliziak migratzaileen trafikoan aritzen ziren bi talde desegin ditu

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 21a, 14:46

Jose Luis Arasti eta Espainiako Poliziako arduradunak, gaur, 'Baztan' operazioaren aurkezpenean.

Baztan izena jarri diote operazioari. Hamabost pertsona atxilotu dituzte. Taldeak Bilbon eta Gasteizen finkatuta zeuden, baina Ikerketa Nafarroan egin dute.

Espainiako Poliziak ustez migratzaileen trafikoan aritzen ziren bi erakunde desegin ditu. Jakinarazi dutenez, Bilbon eta Gasteizen finkatuta zeuden, eta kideak zituzten beste autonomia erkidego batzuetan, baina ikerketa Nafarroan antolatu duten, eta bertan egin zuten lehen atxiloketa ere. Guztira, 15 pertsona atxilotu dituzte, eta Baztan izena jarri diote operazioari.

Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuko ordezkariak azaldu dutenez, taldeek irregulartasun egoeran dauden ehunka etorkini Hego eta Ipar Euskal Herriaren arteko muga zeharkatzea erraztu dietela kalkulatu dute, berrehun euro ingururen truke.

Etorkinak Mali, Ginea Conakri, Mali eta Boli Kostakoak ziren, eta pateran iristen ziren Espainiako kostaldera. Iristerakoan, gobernuz kanpoko erakundeetara bideratzen zituzten; eta ustez, une horretan, edota Marokotik irten baino lehen, trafikatzaileen sareak eurekin harremanetan jarri ziren, muga pasatzen laguntzeko agindua emateko.

Muga gurutzatzeko, bi metodo erabiltzen zituzten. Zenbait kasutan, Irundik Baionara eramaten zituen etorkinak, ibilgailuz, eta beste zenbaitetan, autobus-linea erregularrak erabiltzen zituzten, ordutegi jakin batzuetan.

Ikerketa urtarrilean hasi zuten, Pedro Cesar Bernardo inspektore buruak esan duenez. Autoan bospasei lagun Frantziarako bidean zeramatzan pertsona bat atxilotu zuten lehenik, Nafarroan. Hortik aurrera, bi etxebizitza miatu dituzte Gasteizen, eta 3.000 euro, ibilgailu bat, 24 telefono mugikor, metrial informatikoa eta dokumentazioa atzeman dituzte.

Pedro Cesar Bernardok jakitera eman duenez, koronabirusaren krisiaren testuinguruan, era horretako eragiketen kopurua jaitsi egin da, mugak ixtearekin batera, eta berriro irekitzean, aktibatu egin dira berriz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!