Irakaskuntza Publikoaren Ituna betetzeko eskatu dute sindikatuek

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 20a, 09:42
Atzoko elkarretaratzea. (Ahotsa.info)

Carlos Gimeno kontseilariarekin bildu ziren atzo sare publikoko sindikatuak. Ratioak murrizteko, plantillak handitzeko eta irakasleei probak egiteko eskatu zuten, besteak beste.

Mahai Sektorialean dauden irakaskuntza sare publikoko sindikatuetako kideak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza departamentuarekin bildu ziren atzo, eta ikasgeletako ratioak murriztea, plantillak handitzea, irakasleei eta beste langileei probak egitea, telelana errazteko neurriak hartzea eta osasun patologia jakin batzuk dituzten irakasleei berariazko babesa ematea eskatu zuten

Hala adierazi zuten LAB, Afapna, Steilas, ANPE, CCOO, ELA eta UGT sindikatuetako ordezkariek Carlos Gimeno kontseilariarekin izandako bileran, 2020-2021 ikasturteari begira dituzten planteamenduak azaltzeko.

Sindikatuek elkarretaratze batekin hartu zuten bilkura, koronabirusaren aurretik sinatutako hezkuntzaren kalitaterako hitzarmena bete gabe dagoela salatzeko. Azaldu zutenez, ituna aplikatu izan balitz, ikasturteari aurre egiteko baldintza hobeagoetan litzake nafar hezkuntza.

Hilabeteetan negoziaketetan egon ostean, ituna 2020ko ekainean onartu zuen Nafarroako Parlamentuak baina orain arte ezerezean utzi du departamentuak. Hezkuntza publikoaren hobekuntzarako ezinbestekoa dela diote sindikatuek.

Ituna ez dela betetzen ari argi ikusi dute 2020-2021 ikasturterako lantaldeak osatzerako orduan, ez baitira aplikatu, ikastorduen gaineko neurriak. Haserre, beraz, sartu ziren sindikatuak Carlos Gimeno hezkuntza kontseilariarekin biltzera, ikasturte berria nola hasiko den adosteko. Klase presentzialak, aurrez aurrekoak nahi dituzte, baina ez dira horretan geratu nahi. Ikastetxeen iraileko irekieraz gain, iaksturte osorako irekiera plangintza nahi dute.

Hezkuntza departamentua berandu dabilela salatu zuten sindikatuek, ekainetik ikasturte hasiera nolakoa izan beharko zen diseinatzen lanean beharko lukeela, baina orain arte ez dela ezer ez egin. Osausn irizpideak kontutan hartu behar direla diote, baina pedagogiarekin loturikoak ahaztu gabe.

Behin betiko antolaketa, “aurki”

Bestalde, departamentuak segurtasun eta osasun neurriak indartzeko aztertzen ari diren alternatiben berri eman zuen; besteak beste, Haur Hezkuntzan ratioak jaisteko aukera, beste hezkuntza maila batzuetako irakasleak indartzea edo lanaldi jarraitua ezartzea.
Sindikatuen eskaerei dagokienez, kontseilariak azaldu zuen lan arriskuen prebentziorako zerbitzuak arduratzen direla "irakasleen eskaerak ebaluatzeaz eta txostenak egiteaz", eta ziurtatu zuen kontratazioen igoera eta bizikidetza talde egonkorren behin betiko antolaketa "aurki" ezagutuko direla.

Departamentuari proposatutako iradokizunen artean, bestalde, sindikatu batzuek estrategia pedagogiko bat garatzea eskatu zuten, ikasleen osasun emozionala txertatzeko. Gil Sevillano Hezkuntzako zuzendari nagusiak aurreratu zuen departamentuak dagoeneko egina duela hezkuntza emozionaleko eta harrerako eskola plan bat, eta gogorarazi zuen irakasleei 15 orduko prestakuntza espezifikoa emango zaiela ikasturte hasierari ekiteko.Ildo beretik, adierazi zuen ekipamendu informatiko berria erosteko eta eskolak streaming bidez jarraitu ahal izateko teknologia ezartzeko lanean ari direla.

Gimeno hezkuntza komunitatearekin egiten ari den bilera sortaren barruan, itunpeko irakaskuntzako ordezkariekin bilduko da gaur. Gainera, bihar ikasturtearen hasierarako irizpideak aurkeztuko dituela aurreratu du Hezkuntza Sailak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!