Hilaren 30ean egingo dute Tritoiena lasterketa

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 19a, 07:28
Beriain mendia.

Urtero Beriain mendiaren oinetan antolatzen den lasterketa duela hiru hilabete egitekoa zen, eta atzeratu zuten, baina jada badu data. Arbizuko kanpinetik hasiko da, eta hainbat osasun neurri hartuko dituzte.

Pandemia gorabehera, Tritoiena mendiko lasterketak aurrera jarraitzen du, data eta osasun neurriak aldatuta. Abuztuaren 30ean, igandearekin, izango da, hasiera batean aurreikusitako datatik hiru hilabetera, maiatzaren 31n egin behar baitzuten.

Ibilbidea aldatu egin dute, Unanuko hirigunera ez sartzeko: 22 kilometro izango dira eta 1.348 metroko desnibel positiboa izango du. Abiapuntua eta helmuga Arbizuko kanpinean izango dira –Lasterketaren antolatzailea da, Dantzaleku Sakanarekin batera–, Beriain mendiaren azpian.

Lasterketa 09:30ean hasiko da, kanpinera itzuli bat eman eta Ondatz aldera joango da. Ondoren, San Donato ermitara igoko da, probako punturik altuenera. Uharte Arakil mendatetik jaitsiko dira, Arbizuko kanpinera itzultzeko, Ondatzetik. Irteeraren aurretik, omenaldi txiki bat egingo diete osasun langileei, osasun krisian egindako lanarengatik.

Izen emateak igandera bitartean egin daitezke, www.rockthesport.com webgunean, eta prezioa 22 eurokoa da. Gehienez 200 korrikalari izango dira. Halaber, pilaketak saihesteko, irteera mailakatua izango da eta ez da hornidurarik egongo. Gainera, maskara eraman beharko da, lasterketan izan ezik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!