Ikastetxeetako zuzendarien elkarteek irakasle gehiago eskatu dizkiote Gimeno kontseilariari

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 18a, 09:26
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilaria, artxiboko argazki batean.

Hezkuntza Departamentuko arduradunak eta zentroetako zuzendarien elkarteetako ordezkariak bildu ziren atzo, ikasturtearen hasieraren inguruko informazioa eguneratzeko. Carlos Gimeno kontseilariarentzat, ikasgeletara itzultzea "ukaezina" da, baina "segurua" izan behar du.

Nafarroako ikastetxeetako zuzendarien elkarteek irakasleen errefortzu bat eskatu zioten Hezkuntza Departamentuari, 2020-2021 ikasturtean covid-19 pandemiari aurre egiteko. Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariarentzat "ukaezina" da ikasgeletara itzultzea, baina itzulerak "segurua eta adostua" izan behar du. Hala adierazi zuten atzo Hezkuntza Departamentuko arduradunek eta zuzendarien elkarteetako ordezkariek egindako bileran, hurrengo ikasturtearen hasierari buruzko informazioa eta kontingentzia protokolo eta planei buruzko informazioa eguneratzeko egindako bileran.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Gimeno kontseilariak bilera horretan berretsi zien ikastetxeetan aurrez aurreko hezkuntzara itzultzea "ezin utzizko helburua" dela – Ekainaren 24ko BOEn jasoa, Hezkuntza Ministerioarekin eta autonomia- rkidegoekin sektoreko konferentzian lortu zen akordioaren ondoren –, eta kontingentzia planak "etengabe ebaluatzen" ari direla, "prebentzio neurriak hobetzeko".

Egoera horretan, atzoko bilerak Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako hezkuntza komunitateko kideen arteko beste bilera sorta bat ireki zuen, aste osoan luzatuko dena eta hezkuntza eragileekin adostuta eskoletara itzultzea bideratuko duena.

Bileran izan ziren Erriberako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkarteko, Nafarroako Haur eta Lehen Hezkuntzako Zuzendarien Elkarteko (ADIPNA), Nafarroako Institutuko Zuzendarien Elkarteko eta D ereduko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeen NIZE elkarteko ordezkariak.

Ordezkariek eskatu zuten ikastetxeetan irakasleak indartzeko, ikasleen arreta eta zaintza hobetzeko. Departamentuari proposatu zioten irakasleei covid-19aren probak egitea ikasturtea hasi baino lehen; eskolaz kanpoko jarduerak kentzea, eta ikastetxeak atxikita dauden osasun zentroetako lehen mailako arretako profesionalekin koordinatzeko bide zuzenak irekitzea, besteak beste.

Gimenok, bestetik, aurreratu zuen aste honetan bertan emango dutela ikastetxeetan kasu positiboen aurrean jarduteko protokoloen berri. Halaber, gogorarazi zuen jantoki zerbitzua ikastetxeetan mantenduko dela, nahiz eta horiek 2. egoerara igaro.

Atzoko bileraz gain, Foru Gobernuak jakitera eman zuenez, Gimeno kontseilariak Nafarroako Gurasoen Mahaia bilduko du gaur, ikasturte hasierari buruzko iradokizunak entzuteko eta egiten ari diren jardueren berri emateko; bihar, berriz, Hezkuntzako Mahai Sektorialaren beste bilera batera deitu dute, hezkuntza publikoa ordezkatzen duten sindikatuekin. Hezkuntza itunduko patronalekin eta CERMINekin ere bilduko da aste honetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!