Gaur onartuko ditu gobernuak murrizketa berriak

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 17a, 12:13

Gaueko aisialdia mugatu, ostalaritzako itxiera ordutegia aurreratu eta tabakoaren kontsumoa debekatuko ditu foru lege dekretuak.

Arratsaldean onartuko du Nafarroako Gobernuak, ezohiko bilkuran, koronabirusa geldiarazteko muga berriak arautuko dituen Foru Lege Dekretua. Ostiralean adostu zituen neurriak Espainiako Lurraldearteko Osasun Kontseiluak aho batez. Hasiera batean, dekretua datorren asteazkenean onartzea aurreikusita zegoen, baina Foru Gobernuak sinadura aurreratzea erabaki du.

Muga berriak

Gaueko aisialdia eta ostalaritza:

  • Itxiera ordutegi orokorra 01:00etara aurreratuko du gobrenuak, eta ezin da bezero berririk onartu 00:00etatik aurrera. 
  • Dekretuak zuzenean itxiko ditu "diskotekak, dantza-aretoak eta kopa-tabernak, zuzeneko emanaldiekin eta emanaldirik gabe".

Eremu soziosanitarioa:

  • Autonomien arteko akordioak egoiliarrei eta langileei PCR gehiago ezartzeko neurriak jasotzen ditu, bai eta bisitetan eta irteeretan mugak ere. Horiek, maila desberdinean, dagoeneko martxan daude Nafarroan, edo epe laburrean egingo direla iragarri da.
  • PCRa egin beharko zaie egoiliar edo langile berri guztiei eta baimen edo oporretatik itzultzen diren langileei.
  • Pertsona bakar baten bisita jaso ahalko dute egoiliarrek, ordubeteko iraupenarekin (salbu eta bizitzaren amaieran dauden pertsonak badira).
  • Aldian-aldian PCR egin behar zaie langile guztiei. 

Tabakoa kalean, 2 metrora bada bakarrik:

  • Bide publikoan edo aire zabaleko guneetan erretzea debekatuko da, bi metroko gutxieneko distantzia bermatzen ez bada.
  • Alkoholaren kontsumoa ez dago baimenduta bide publikoan eta instrukzioak eskumena ematen die autonomia-erkidegoei eta toki-erakundeei praktika zigortzeko. Iruñea, Burlata eta Tafalla, besteak beste, debekatu eta zigorrak arautu dituzte.

Nafarroako aldizkari ofizialean argitaratzen direnetik aurrera sartuko dira indarrean neurri horiek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!