Nafarroak 160 Covid-19 kasu positibo erregistratu ditu, ‘normaltasun berriko’ kopururik altuena

Euskalerria Irratia 2020ko abu. 17a, 09:24

Sei pertsona ospitaleratu dituzte, horietatik lau 65 urtetik gorakoak.

Nafarroan, larunbatean, 160 COVID-19 kasu positibo berri izan ziren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera. Positiboen kopururik altuena da, normaltasun berria ezarri zenetik. 1.806 PCR proba egin zituzten; proba gehien egin diren hirugarren eguna.

Iruñeak jarraitzen du kutsatu gehien izaten, baina Tuterak goranzko joera jarraitua du. Adinaren arabera, 15-29 urteko adin-tartea ( % 32) izan zen nagusi larunbatean. Ez zen koronabirusak eragindako heriotzarik erregistratu Foru Erkidegoan, baina sei ospitaleratze berri izan ziren, horietako lau 65 urtetik gorakoak. "Ospitaleen egoera, edonola ere, egonkorra da", adierazi du Nafarroako Gobernuak ohar batean.

Ikuspegi geografikotik, Iruñeak eta bere eskualdeak kasu berri gehien biltzen jarraitzen dute, kasuen % 47rekin, eta Tuterako Osasun Eremua du atzetik, kasuen % 21ekin, baina Lizarrako Osasun Eremuak ere % 13ko kuota lortzen du. Gainerakoa Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen da.

Kasuen adin tarteen araberako banaketari dagokionez, 15-29 urteko blokea da nagusi, kasu guztien % 32, eta 30-44 urteko blokea, berriz, % 23a du. Beraz, 15-44 urte bitartekoek kasuen erdia baino gehiago osatzen dute. Jarraian, 0 eta 14 urte bitarteko multzoa dago, kasu berrien % 15ekin -beste egun batzuen aldean, baxua-; 60 urtetik gorakoak, berriz, % 16 dira. Kasu berrien batez besteko adina 35,8 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 46 gizonak dira eta % 54 emakumeak.

Epidemiologiaren eta bilakaeraren ikuspuntutik, larunbatean sei ospitaleratze berri izan ziren Nafarroan, COVID-19aren ondorioz, eta ez zen beste heriotzarik izan.

Kasuen eta kontaktu estuen detekzio goiztiarreko eta jarraipeneko sistemari dagokionez, larunbatean guztira 1.808 PCR proba egin ziren osasun sare publikoan, eta, horien ondorioz, 160 kasu berri baieztatu ziren. Larunbateko kasu guztiak gehituz gero, COVID-19ren infekzioen intzidentzia metatua, gaur egun, 8.203 da.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!