Laguntzen helburu nagusia da "herritarrek ingurumenarekiko sentsibilizazio eta ezagutza handiagoa lortzea". Zehazki, 130.093 euro bideratuko dira ingurumen hezkuntzako proiektuetara, eta 86.728 euro ingurumen boluntariotzako eta zientziako proiektuetara.
Hiru proiektu mota
Hauek dira garatu ahal izango diren hiru proiektu ereduak:
- Ingurumen hezkuntza: pertsonek edo komunitateek jakintzak, balioak, trebetasunak eta esperientziak eskura ditzaten, banaka edo taldeka, ingurumen arazoak konpontzeko gai izan daitezen.
- Ingurumen boluntariotza: helburua da gizakiak ingurumenean duen eragin negatiboa murriztea, eta natura ondareari, animalia eta landare espezieei, ekosistemei eta natura baliabideei balioa handitzea.
- Herritarren zientzia: herritarrek ikerketa zientifikoko jardueretan borondatez parte hartzea, ideiak, ingurunearen ezagutza edo tresnak eta baliabideak emanez.
Jarduerak Nafarroan egin beharko dira, eta ingurumena, paisaia edota biodibertsitatea, Natura 2000 Sarea, Naturagune Babestuen Sarea edo beste naturagune batzuk kontserbatu, mantendu eta berreskuratzeari buruzkoak izan daitezke.
Gainera, proiektuak ekonomia zirkularra, kontsumo arduratsua, hondakinen kudeaketa, klima-aldaketaren edota ingurumenaren kutsaduraren aurkako borroka, uraren eta energiaren zentzuzko erabilera eta ingurunearen kontserbazioarekin bateragarriak diren baliabide naturalen erabilera eta aprobetxamendua sustatzera bideratuta egon daitezke. Hiri eremuan ingurumen kalitatea hobetzera, hiriko eta hiri inguruko berdeguneetako ekintzetara, hondakinetara, energiara eta kontsumora eta ingurumen-jasangarritasunera ere bideratu ahal izango dira.