Jakinarazi duenez, azken egunotan 2.000 euro baino gehiagoko iruzur salaketak jaso dituzte: SMS edo mezu elektroniko bati erantzun ostean, NANa, erabiltzailea eta sinadura gakoa betetzeko eskatzen diote biktimei.
Mezuak banku erakunde horretan kontua aldi baterako blokeatzen ari dela ohartarazten du, eta testuarekin batera doan helbidean klik egiteko eskatzen du, baina estekak, benetan, webgune faltsu batera birbideratzen du.
Atari horretatik, biktimari informazio pertsonala sartzeko eskatzen zaio, hala nola NANa, telefono mugikorraren zenbakia edo bere bankura Internet bidez sartzeko erabili ohi dituen gakoak.
Horrelako ordezkapenak "phising" izenez ezagutzen dira. Zibergaizkileek informazio pertsonala edo bankuko informazioa lortzeko gehien erabiltzen duten tekniketako bat da.
Mezua jasoz gero, bankuaren bulegora deitu
Horrelako mezuak jasoz gero, bankuaren bulegora edo kreditu txartelen atzeko aldean agertzen den harremanetarako zenbakira zuzenean deitzea gomendatu dute. Ez da inoiz mezuan agertzen den telefonora deitu behar, ezta estekan klik egin ere.
Gainera, gogorarazi dute banketxeek ez dituztela horrelako metodoak erabiltzen datu pertsonalak eguneratzeko, are gutxiago pasahitzak eguneratzeko. Eta gertatutakoa salatzeko gomendioa egin dute, herritarren arretarako edozein bulegotan.