Aurrez aurreko irakaskuntzara itzultzea lehentasunekotzat jo du Steilasek

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 18a, 09:24

Steilas sindikatuko kideak, atzoko agerraldian.

Zentroak berriro ireki ahal izateko, Hezkuntza Departamentuak plan bat eratu beharko duela dio sindikatuak, eta horretarako, espazioen antolamendurako lau proposamen egin ditu.

Baliabideetarako sarbidea bermatzeko, familiei zein irakasleei beren gain hartutako gehiegizko pisua kentzeko, ikasleen arteko harremanak berreskuratzeko eta sor daitezkeen arrakalak ekiditeko, aurrez aurreko irakaskuntza berreskuratzeko eskatu du Steilas sindikatuak. 

Itzulera modu egokian egin dadin, Nafarroak hasierako aurrekontuan zehaztutakoa baino 600 milioi euro gehiago beharko dituela aurreikusten du. 

Zentroak berriro ireki ahal izateko, Hezkuntza Departamentuak ikastetxe bakoitzari egokitutako plan bat eratu beharko du, sindikatuaren arabera. Horretarako, espazioen antolamendurako lau proposamen egin ditu.

Lehena, erabiltzen ez diren eraikin publikoak egokitzea; hala nola gizarte etxeak, helduen ikastetxeak, hezkuntza eskolak edo kiroldegiak. Bigarrena, ikasgela berriak sortzeko beharrezko lanak abian jartzea, eraikin berriak eginez edota daudenak zabalduz. Hirugarrena, aldi baterako, ikasleak bi txandatan banatzea, goizez eta arratsaldez. Eta laugarrena, itunpeko ikastetxeek hartzea egoerara egokitzeko zaltasunak dituzten zentro publikoetako ikasleak.

Ratioak

Espazioaren moldaketez gain, beste zenbait neurri ere exijitu dituzte, hala nola hezkuntza ituna betetzea, haur eskoletarako plan berezi bat eratzea, curriculuma egungo egoerara egokitzea edota ratioak murriztea.

Azken horri dagokienez, Steilasentzat, Espainiako Hezkuntza Ministerioak proposatutako 20 ikasleko ratioa, ez da nahikoa, 15era jaitsi behar baita, betiere aintzat hartuta ikastetxe bakoitzaren espazioa; baina edonola ere, 20ra jaistea hobekuntza handia izango litzateke.

0-3 zikloa, "alde batera utzia"

Azkenik, pandemia garaian Nafarroako Hezkuntza Departamentuak egindako kudeaketari dagokionez, sindikatuak salatu du 0-3 zikloa alde batera utzia izan dela, eta gainontzeko zikloetan departamentuak zenbait jarraibide eman baditu ere, batik bat tituluei lotuta dauden ikasturteetarako izan direla.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!