Datorren astelehenean itzuliko dira jarduerara berriro ere 0-3 zikloko zentro publikoak, Hezkuntza Sailak finantzatutakoak, baimendutako ikastetxe pribatuak eta Gizarte Eskubideen Departamentuaren mendekoak.
Haur eskoletako jarduera presentzialera itzultzea Nafarroako Foru Erkidegoaren alarma egoeraren amaieraren eta normaltasun berrira igarotzearen ondorio zuzena da. Une horretatik aurrera, ez dira indarrean egongo martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan hartutako neurriak, aurrez aurreko hezkuntza jarduera guztia bertan behera uztera behartu zutenak.
Hori dela eta, datorren astelehenetik aurrera, aurrez aurreko jarduera berreskuratuko dute 2019-2020 ikasturterako eskola egutegia amaitu ez duten haur eskolek, higiene neurriekin eta ikasle kopuru mugatuekin.
Hala, haur eskoletan gehienez zortzi ikasle egongo dira urte bateko unitateetan; hamabi, 1 eta 2 urte bitarteko unitateetan; eta hamasei, berriz, 2 eta 3 urte bitartekoetran.
Pilaketak saihesteko eta gutxienez 1,5 metroko segurtasun tartea mantentzen dela bermatzeko beharrezkoak diren antolamendu neurriak hartuko direla ziurtatu beharko dute. Gobernuak azaldu duenez, Haur Hezkuntzako lehen zikloan, neurri horiek ikasleek eta hezitzaileek osatutako “bizikidetza talde” egonkorrak antolatuz bermatuko dute. Talde horiek gela berean jardungo dute beti, eta taldeen arteko elkarrekintza mugatuko dute.
Hala ere, neurri gehigarri batzuk aurreikusten dira kontaktuak mugatzeko eta prebentzioa hobetzeko, bai eta zentroaren garbiketari eta aireztapenari dagokienak ere. Honakoak:
Kontaktuak mugatzea
- Sarrerak eta irteerak antolatuko dira: langile batek ikasle bakoitza bere erreferentzia gelara lagunduko du, bakarrik joateko gai ez bada.
- Komun bat esleituko da talde bakoitzeko edo bi multzoko, ahal bada. Bestela, garbiketa eta desinfekzioa areagotuko dira.
- Ikastetxean joan-etorriak egin behar direnean, ordutegi eta antolaketa jakin bat izango da, taldeek joan-etorrietan aldi berean bat egin ez dezaten.
Prebentzio neurri pertsonalak
- Eskuetako higienea areagotzea gomendatzen da (urarekin eta xaboiarekin), bereziki ikastetxera iristean, doministiku egin edo mukiak kendu ondoren, tokiz edo jardueraz aldatzean, bazkaldu aurretik eta ondoren, komunera joan ondoren eta zikinkeria gertu dagoenean.
- Eskuak ahoan maiz sartzen dituzten haurrei gel hidroalkoholikoa ez erabiltzea gomendatzen da. Arretaz ibili behar da ikuskapenik gabe eskuragarri ez uzteko.
- Ohikoa izan daiteke haurrak besoetan izatea edo haiekin elkarreragin hurbila izatea, behar bezalako arreta emateko. Besoetan hartzen direnean edo elkarreragin estua behar denean, zaintzaileak maskara higienikoa eraman ahal izango du.
- Ez da gomendatzen maskara erabiltzea ikastetxean, ez hiru urtetik beherakoentzat (kontraindikatuta 2 urtetik beherakoentzat, itolarria izateko arriskuagatik), ez eta desgaitasunen bat duten pertsonentzat edo maskara kentzeko autonomoak izatea eragozten dien mendetasun egoeran daudenentzat edo egoki erabiltzea bideraezin egiten duten jokabide aldaketak dituztenentzat ere.
- Langileen kasuan, ilea bilduta eramatea gomendatzen da, eta eraztunak, eskumuturrekoak eta lepokoak ez erabiltzea.
- Ahal den neurrian, egunero tenperatura altuan garbitutako laneko arropa erabiltzea gomendatzen da.
- Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak jarduera jakin batzuen esposizio arriskua ebaluatuko du.
Zentroa garbitzea eta aireztatzea
- Erraz garbitu edo desinfektatu daitezkeen objektuak eta jostailuak erabiliko dira. Peluxeak edo oihalezko jostailuak erabiltzen badira, tenperatura altuan garbitu beharko dira.
- Transmisioa gutxitzeko, gelak maiz aireztatzea gomendatzen da, baina arreta berezia jarriko beharko da une horietan, istripuak saihesteko.
- Siestetarako, koltxonetak bi metrora jartzea gomendatzen da, ikasleak jartzen diren norabidea tartekatuz (burua eta oinak norabide desberdinean). Egunero izarak edo burkoak aldatu beharko dira, edota bakoitzak berea erabili.
- Pixoihala aldatu ondoren, aldagailua desinfektatuko da. Beste aukera bat izango da aldagailu pertsonal bat erabiltzea ikasle bakoitzarentzat.
Hezkuntza administrazioek bermatu beharko dute ikastetxeek beren ikastetxeetako desinfekzio, prebentzio eta egokitzapen arauak betetzen dituztela, 21/2020 Errege Lege Dekretuan jasotzen den bezala.