Gobernua Skolaeren inguruko ebazpena aztertzen ari da, helegitea aurkezteko

Euskalerria Irratia 2020ko ekainaren 18a

Maria Txibite, Espainiako Gobernuaren sari bat jasotzen, Skolaerengatik, iaz.

EH Bilduk gobernuari eskatu dio, forma arazoa bada, "berehala" konpontzeko. Navarra Sumarentzat, "albiste ona" da: "Sektarismoa agerian geratu da". 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpena, Skolae ezartzea onartzen zuena, "legez ezarritako prozedura alde batera utzi” zuela argudiatuta, xedapen orokor gisa izapidetu behar zelako (erregelamendu moduan), eta ez administrazio egintza baten bidez, programa zeharkako gai gisa sartu baitzen curriculumean.

Nafarroako Gobernuak adierazi du "ebazpena aztertzen" ari dela, helegitea aurkezteko: "Ebazpena ez doa edukietara: forman geratzen da". PSNk "zalantzarik gabeko babesa" agertu dio programari: "Zalantza juridikoren bat baldin badago, konponduko dugu, Skolaek aurrera egin dezan ".

Ildo beretik, Geroa Bairentzat "garrantzitsuena" da epaimahaia ez dela sartu Skolaeren edukia aztertzera, eta bi familiak nahi zutenari erantzuten diola. “Forma akats bat badago, gobernuak zuzendu egingo du, Skolaek aurrera jarrai dezan”. 

Oposizioari dagokionez, EH Bilduk azpimarratu du forma arazoa besterik ez dela, eta gobernuari eskatuko dio "berehala" konpontzeko. Beste aldean, Navarra Sumarentzat "albiste ona" da, agerian utzi baitu "sektarismoa": "Argi geratu da denak ez duela balio gobernuak ezarri nahi duen inposizio ideologikoan". Norbaitek ardura hartu beharko duela gaineratu du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!