Zeintzuk dira hirugarren fasearen berritasun nagusiak?

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 8a, 09:35

Nafarroa itxialdia leuntzeko prozesuaren hirugarren fasean sartu da gaur. Ondorioz, gaurtik aurrera Nafarroako Gobernuak hartuko du koronabirusaren izurritearen kudeaketaren ardura osoa, baita egoera berrira egokitzeko erabakiak hartzeko ere. Fase aldaketak zenbait berritasun ekarriko ditu. Horietako nagusiak bildu ditugu. 

Gaurtik aurrera, Nafarroa hirugarren fasean egongo da; "normaltasun berria" delakora iritsi aurreko azkenekoan. Ondorioz, ordu tarteak eten egingo dira; aurreko fasean, adinekoentzat, desgaitasunen bat dutenentzat edo aurretiko patologiak dituztenentzat ezarritakoak bakarrik zeuden. Gainera, aurrerantzean, hogei pertsona elkartzeko aukera egongo da; muga hamabost lagunekoa zen orain arte. Baina berritasun gehiago izango dira. Hauek dira nagusiak:

Ostalaritza eta elkarteak

Dantzalekuek itxita segituko dute gutxienez datorren astelehenera arte, Foru Exektubioak hala erabakita. Irekitzerik izango duten dantzaleku bakarrak terraza dutenak izango dira, eta gainontzeko ostatuen baldintza berberetan.

Gainontzeko ostatuen baldintzak aldatuko dira; laxagoak iznago dira. Fase berri honetan, terrazen edukiera %75era igoko dute. Taberna barruetan, okupazioa %66ra artekoa izango da. Baina betiere bezeroak mahaietan eserita egonda, ezingo baita tabernako barran egon. 

Hori negozioei dagokienez, baina beste aukera batzuk zabalduko dira aisialdian: peñak eta elkarte gastronomikoak zabaltzeko unea izango da. Ostatuen baldintza berberekin irekitzkeo aukera izango dute, alegia, edukieraren %66rekin. 

Garraio publikoa

Garraio publikoan aurrerapenak izango dira. Izan ere, zerbitzuen %82 eskaintzera igaroko dira gaurtik aurrera, nahiz eta erabiltzaileen kopurua ez den erritmo berean igotzen ari. Egun 50.000 bidaiari erabiltzen ari dira egunero billabesak. Krisiaren unerik gogorrenetan 5.000ra jaitsi zen bidaiari kopurua. Baina koronabirusaren aurretik 150.000 lagunek erabiltzen zituzten egunero hiri autobusak.

Merkataritza jarduerak

Merkataritza jarduei dagokionez, txikizkako saltokiak eta lokalak eta zerbitzu profesionaletako jardueretarakoak irekitzeko aukera egongo da, erakusketarako eta salmentarako azalera edozein dela ere, eta edukiera gehienez ere %50ekoa izanik.

Kultura

Kultura arloan, liburutegietan eta museoetan jarduerak egin ahal izango dira, edukiera erdiarekin. Muga bera izango dute entzunaretoek, zinema aretoek, antzokiek, zirkuek eta antzekoek. Aire zabaleko jardueretan, gehienez 400 pertsona biltzeko aukera egongo da. Halaber, aisialdi jardueretan, aire zabalean egiten direnean, gehienezko edukiera %50ekoa izango da, eta gehienez 200 lagunek parte hartu ahal izango dute. Itxitako eremuetan egiten direnean, berriz, heren bateko edukiera izango dute, eta gehienez 80 pertsona elkartuko dira.

Kirola

Kirol instalazioetan ez da ordutegirik egongo, eta hogei laguneko taldeek kirola edota paseoak egiteko aukera izango dute. Gainera, kirolariak herrialdean osoan zehar mugitu ahal izango dira horretarako. Udal igerilekuak, berriz, ekainaren azken astera arte behintzat ez irekitzea gomendatu dute.

Ezkontzak

Ezkontzetan ere aldaketak egongo dira: edukieraren %75ekin egin ahal izango dira. Aire zabalean badira, muga 150 lagunekoa izango da; barruan eginez gero, 75ekoa. Nolanahi ere, ezkongai gehienak 2021era atzeratzen ari dira ezkontzak. Hotelek diote mota honetako ospakizunen erdia baino gehiago bertan behera utzi behara izan dituztela. 

Epaiketak

Auzitegietan ere itxialdia leuntzeko prozesua martxan da, eta gaurtik aurrera epaiketa presentzialak egingo dituzte. Aretoak desinfektatuko dituzte, eta mikrofonoak plastifikatu. Maskara derrigorrez erabili beharko da, eta segurtasun distantzia mantendu. Iragarri dutenez, guztira hamasei epaiekta egin ahal izango dituzte aldi berean. Publikoari dagokionez, aretoen edukeira egokitua bost eta 26 pertsona artekoa izango da. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!