Nafarroa Madrilekin lanean ari da datorren astelehenean 3. fasera igaro ahal izateko

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 2a, 17:49
Argazkia: Ekinklik

Nafarroako Gobernuak gaixotasunaren berragerpenak saihesteko hainbat muga ezartzea proposatuko du.

Datorren astelehenean, ekainak 8, 3. fasera igaro ahal izateko baldintzak ezartzeko lanean ari da Nafarroa Espainiako Osasun Ministerioarekin. Hala COVID-19aren berragertzeak saihesteko helburuarekin zenbait debeku eta muga mantenduko dira.

Helburu horri jarraituz, Osasun Departamentuak gaur, asteartea, azken egunotan pandemiak izandako bilakaeraren datu epidemiologikoak helarazi dizkio Ministerioari. Zehazki, azken aste honetan lau egunez jarraian ez da hildakorik izan, eta sintomak agertu dituzten gaixoak oso gutxi izan dira; azken egunean PCR proba bidez kasu bakarra atzeman da. Gainera, egindako PCR proben kopurua gorantz da, igaro den astean 54.778 test zenbatu dira. Modu honetara, Nafarroa mila biztanleko proba gehien egiten dituen laugarren komunitatea da PCR (83,9).

Hala ere, nahiz eta egoerak hobera egin, Nafarroako Gobernuak osasun arloan detekziorako zein erreakziorako sistemak indartzeko beharra azpimarratu du, eta izan daitezkeen berpizteak saihesteko gizarteak arduraz jarduteko beharra gogorarazi du. Horregatik, 3. fasean jasotako zenbait ekintzekin lotuta Nafarroak muga zehatzak ezartzeko proposamena helaraziko dio Ministerioari, irizpide orokorrak foru lurraldeko ezaugarrietara egokituz.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!