Hirugarren fasetik aurrera, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak kudeatuko dituzte alarma egoeratik ateratzeko neurriak, mugikortasunari dagozkionak izan ezik. Maria Txibite izango da, beraz, hirugarren fasean hartu beharreko neurriak zehaztuko dituenak Nafarroan.
Espainiako Gobernuak eta EAJk akordioa lortu dute alarma egoera luzatzeko: seigarren luzapena izango da, eta, onartuz gero, ekainaren 21era arte iraungo du. Akordioaren arabera, autonomia erkidegoek propostuko diote Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioari zeintzuk izango diren erkidego bakoitzeko lurralde unitateak “normaltasun berria” delakoan.
Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak Euskadi Irratia-n esan duenez, akordio horri esker, EAEk eta Nafarroak "eskumen osoa" izango dute alarma egoera kudeatzeko, eta horiek hartuko dituzten erabakiak Madrilen hartzen direnen gainetik egongo dira.
Nafarroako presidenteak balorazio positiboa egin du erabakiaren inguruan. Txibitek presidente autonomikoen eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen arteko konferentzia batean parte hartu zuen atzo, eta “oso positibotzat” jo zuen foru erkidegoak deseskalada aldiaren hirugarren fasea kudeatu ahal izatea, eta, era berean, garrantzitsutzat jo zuen “normaltasun berria2 delakoa garatzeko baldintzak ezagutzea eta testuinguru horretan araudi bat onartuko den ala ez jakitea.
Era berean, adierazi zuen pozik zegoela Nafarroak gutxieneko diru sarrera kudeatuko duelako.