Nafarroako landa turismoak %50eko okupazioa aurreikusten du udarako

Euskalerria Irratia 2020ko eka. 1a, 09:45
Urdazubiko Matxingonea landetxea.

Sektorearentzat hilabete gogorrak izan diren arren, uste dute landa turismoaren eskaintza egokia dela une honetan, helmuga seguruak eta masifikatu gabeak eskaintzen dituelako.

Gainerako guztia bezala, landa eremuko turismoa ere gelditu egin zen martxoaren 15ean, alarma egoera ezartzearekin batera, eta ordutik, landetxeek ateak itxita izan dituzte. Hala ere, itxialdia arintzeko prozesuarekin, pixkanaka udarako prestatzen hasi dira, eta instalazioak egokitzen ari dira bezeroei arreta emateko.

Gehienek ez dute oraindik ireki, baina laster egingo dute. Alde horretatik, Anapeh Ostalaritzako Enpresari Txikien Elkartearen aurreikuspenen arabera, okupazioa %50ekoa izango da. Beatriz Huarte elkarteko idazkari nagusiak Diario de Noticias egunkariari azaldu dionez, landetxeak horretarako prestatzen ari dira, eta probintzien arteko mugikortasuna ahalbidetzeko zain daude. Litekeena da ekainaren amaieran izatea.

Hilabete gogorrak izan dira sektorearentzat, baina elkarteak uste du landa turismoa aurtengo udarako “aukera paregabea” izan daitekeela. Izan ere, koronabirusaren krisiaren eta datozen hilabeteei begira aurreikusten den normaltasun berriaren ondorioz, landa turismoak "aukera paregabea" ematen du udarako eta urteko gainerako egunetarako; hain zuzen ere, opor hauetan bilatuko dena "helmuga seguruak, lasaiak eta masifikatu gabeak" izango direlako.

Horretarako, Anapeh eta Nafarroako Landa Turismoaren Federazioa sektorea suspertzeko kanpaina batean ari dira lanean, eta, turisten etorrerarako prestatzen ari dira ostatuak, probintzien arteko mugikortasuna posible den heinean. 

Suspertze horri begira, Nafarroako Landa Turismoaren webgunean online denda bat jarriko da martxan aurki, ostatu horietan egonaldiak egiteko “esperientzia paketeak” eskaintzeko. 

Covid-19aren hedapena saihesteko, landa ostatuek zenbait neurri hartu behar izan dituzte; besteak beste, bezeroak ez daitezen behar baino gehiago elkartu eremu komunetan, eta garbiketa ohi baino zorrotzagoa izan dadin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!