Nafarroako Memoriaren Institutuak Oroibidea bilaketa tresna aurkeztu du gaur goizean, II. Errepublikarekin eta 1936ko kolpe militarraren ondorengo indarkeriarekin lotutako pertsonen, toponimoen eta gertaeren izenak bilatzeko. Bilatzaile hori Nafarroako Memoriaren Institutua bere Dokumentazio Zentrotik abian jartzen ari den tresna digitalen multzoaren lehen elementua da.
“Oroibidea” Herritarren Harremanekiko Departamentuak bultzatutako proiektua da, bilatzaile intuitiboa eta erraz eskura daitekeena Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako Zuzendaritza Nagusiaren web orrialdean. Bilatzailean, bilatu nahi duen testua idatzi behar du erabiltzaileak, eta proiektuan sartutako obra bakoitzean dauden hitzak agertuko dira emaitzan, testuinguruari buruzko informazio labur eta dagokion erreferentzia bibliografiko eta guzti.
Grafia ezberdinak (gaztelera, euskara, frantsesa) nahi diren emaitza guztiak lortzerakoan arazo ez izateko moduan programatu da. Gainera, bilaketa fazetatu daiteke; alegia, emaitzak mugatzea nahi den edo diren obrari/obrei dagozkienak bakarrik agertzearren. Ezaugarri tekniko horiek guztiak laguntza-atalean jasota daude.
Memoria digitalizatzeko eta hedatzeko konpromisoa
Bilatzailea Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko lankidetzari eta haien argitalpen-funtsei esker garatu da. Halaber, Altaffaylla, Pamiela edo Txalaparta bezalako argitaletxeek ere esku hartu dute, eta Gobernuak eskerrak eman nahi dizkie proiektu ireki hau aurrera eramateko agertutako lankidetza eta jarrerarengatik. Pixkanaka-pixkanaka, monografia, artikulu, elkarrizketa, txosten, dokumentu eta irudi berriak sartzen joango dira proiektuan.
Historialari, elkarte eta militante memorialistek eta haien senitartekoek garatutako ahalegin ikertzailea, kolektiboa eta plurala nabarmendu nahi izan du Nafarroako Memoriaren Institutuak. Lan hori duela hamarkada batzuetatik hona burutu da Nafarroan, 1936ko estatu-kolpearen ondorioz gertatutako prozesu errepresiboak berreraikitzeko asmoarekin.