Pobreziaren Kontrako Sareak krisiari aurre egiteko plan sozial bat proposatu du

Euskalerria Irratia 2020ko mai. 18a, 11:45

Sareak premiazkotzat jotzen du pertsonak xede izango dituen talka plan bat. Hori lortzeko bidean, krisian sortzen ari diren premia, eskaera kezka eta konponbideak jaso eta aztertu ditu. Lan horren emaitza da Nafarroako Gobernuari aurkeztu dion proposamena. 

Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sareak plan sozial baten proposamena aurkeztu du gaur, egungo krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorio negatiboak leuntzeko neurriekin.

Nabarmendu dute garrantzitsua dela honek Nafarroako gizartean eragin ditzakeen ondorioei aurrea hartzea, gizartearen ehuneko handi bat desabantaila egoeran baitago jada. Gogorarazi dute 2008ko krisian, neurriak berandu hartzeak edo behar bezalain eraginkorrak ez izateak, zein egindako murrizketek, pobrezia eta gizarte bazterketa areagotu zutela.

“Gaizki kudeatutako krisi baten eta kronifikatu egin den pobreziaren arteko harremana agerikoa da, eta egoera berri honen aurrean erne egotea eragiten digu. Une honetan autoritate ekonomikoek ematen dituzten datu makro eta mikroekonomikoak ez dira batere itxaropentsuak; baina datu horiez gain, pertsonen zaurgarritasuna areagotu egin dela ikusi dugu”, adierazi dute. Gainera, krisi honen abiapuntua ordukoa baino “makalagoa” dela ohartarazi dute, 81.627 pertsona gizarte bazterketa kronifikatua jasaten ari baitira.

Osasun krisiak gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrek jasaten dituzten desberdinkeria eta diskriminazioa handitu du. Sarearen ustez, lehengoratze ekonomikoa eta enplegua sortzea beharrezkoa da, baina “ez nolanahi”: “Ezin dugu utzi beste krisi batek gure gizartean desberdinkeria handienak jasaten dituzten pertsonak larrutzea”.

Hori dela eta, sareak premiazkotzat jo du pertsonak xede izango dituen eta eduki sozialak izango dituen talka plan bat. Hori lortzeko bidean, sarea haren 30 entitateekin lan egiten ari da, krisian sortzen ari diren premia, eskaera kezka eta konponbideak jaso eta aztertzeko.

Lan horren fruituetako bat da Nafarroako Gobernuari aurkeztu dioten proposamen dossierra. Ia 50 orri ditu, epe motzerako eta ertain-luzerako neurriak ardatz dituena, bai gizarteratzearen arlokoak –esaterako, laguntza pasiboak eta gizarte zerbitzuak– bai herritarrei laguntzeko hirugarren sektorea indartzea xede dutenak. Baina, horrez gain, enpleguaren, etxebizitzaren, osasunaren, hezkuntzaren eta adingabeen arloetako neurri jakinak jasotzen ditu.

Plana Pobreziaren eta Gizarte Bazterketaren Kontrako Nafarroako Sarearen webgunean kontsulta daiteke.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!