Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, dagoeneko diseinatzen ari da konfinamenduaren trantsizio plana, eta Foru Erkidegoan itxialdia arintzeko prozesu "asimetriko" bat egin nahi du, herri bakoitzeko biztanleriaren eta epidemiologiaren errealitatearen arabera. Hala adierazi zuen atzo Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiak prentsaurrekoan: "Ezin dira neurri berberak izan Ustarrozen, Garden edo Iruñean. Zentzuz eta udalekin batera lan egin beharko dugu”. Aro berria konfinamenduarena baino "konplexuagoa" izango dela ere azpimarratu zuen, eta "zuhurtzia" eskatu.
Artundok azaldutakoaren arabera, alde batetik, “oreka” aurkitu nahi dute lehen mailako arretako eta arreta espezializatuko ohiko asistentzia jarduera berreskuratzearen eta gerta daitezkeen kasu berriei erantzuteko gaitasunaren artean. Eta, bestetik, osasun publikoaren babesa eta eragin ekonomiko eta sozialaren murrizketa uztartu nahi dituzte.
Artundok trantsizio planaren gako batzuk aipatu zituen; honakoak dira nagusiak:
- Ezarpenaren asimetria, lurraldean, herri bakoitzeko biztanleriaren eta epidemiologiaren errealitatearen arabera.
- Toki-erakundeek estrategia ezartzen eta garatzen laguntzea eta parte hartzea.
- Planaren sailen eta sektoreen arteko diseinua eta koordinazioa.
- -Gizarte zibilaren inplikazioa.
Nolanahi ere, azpimarratu zuen prozesua "estatuan jarraituko den estrategiaren araberakoa" izango dela, “autonomia erkidegoekin koordinatuta eta nazioarteko ezagutzaren eta esperientziaren araberakoa".
Gainera, "sailen eta sektoreen arteko logikatik" lan egin beharko dutela azpimarratu zuen. "Horrek ez dio Osasun Departamentuari bakarrik eragiten, departamentu eta sektore guztiei eragiten die trantsizio neurriak ahalik eta hobekien antolatu eta kudeatzeko, lehen fasetik ikasiz, Nafarroako gizarte zibilaren talentu, irudimen eta sormen guztia erabiliz, fase honetan izugarri garrantzitsua izan baita".