Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI) diru laguntzen deialdi bat argitaratu du lehen berdintasun plana egiten duten enpresa pribatuentzat eta irabazi-asmorik gabeko bestelako erakundeentzat. Eskabideak 20 egun balioduneko epean aurkeztu ahal izango dira, alarma egoera amaitu ondoren, eta diru-laguntzen zenbatekoa, guztira, 127.000 eurokoa izango da.
“Deialdiarekin, NABIk emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erraztuko duten baldintzak sustatzen jarraitzen du, Nafarroan jarduten duten irabazi asmorik gabeko enpresen eta erakundeen kudeaketa prozesu guztietan genero berdintasuna txertatzeko planak eginez eta garatuz”, adierazi du Nafarroako Gobernuak ohar bidez.
Azaldu dutenez, erakundeek beren lehen berdintasun-plana egin beharko dute. Horrez gainera, onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte: “Legez pertsona juridiko gisa eratuta egotea, 10 eta 150 langile arteko lantokia izatea Nafarroan, berdintasun plan bat izateko legezko betebeharrik ez izatea eta laguntza publikoak jasotzeko legezko debekuetako batean ere ez egotea”. Kanpoan geratuko dira administrazio eta erakunde publikoak, haien sozietateak, fundazioak eta unibertsitateak.
Erakunde eta enpresa onuradunek 20 egun balioduneko epea dute eskaerak aurkezteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen atariko izapide fitxan, alarma egoera amaitzen denean. Gehienez 4.000 eta 8.000 euro arteko laguntzak lortu ahal izango dira, enpresan lan egiten duten pertsonen kopuruaren eta aurkeztutako proiektuak lortutako balorazioaren arabera.
Aurkeztutako proiektuetan, gutxienez, genero berdintasunari buruzko prestakuntza-saio bat diseinatu eta gauzatu beharko da, eta proiektuaren koordinazioaz arduratuko den pertsona bat zehaztuko da; halaber, enpresak berdintasun planarekin duen konpromiso dokumentu bat; erakundearen diagnostiko bat, langileak hautatzeko, kontratatzeko, lanbide sailkapen eta sustapenerako edo ordainsarietarako; berdintasun-plana bera, eta aurretiko neurriak gauzatzea.