Mendekotasunaren inguruko bilera eskatu diote Nafarroako Gobernuari pentsiodunen elkarteek

Euskalerria Irratia 2020ko apirilaren 27a

Nafarroako Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia pentsiodunen elkarteek eskutitz bana bidali diete Nafarroako presidente Maria Txibite eta Gizarte Eskubideen kontseilari Carmen Maezturi.

Nafarroako Amona, Oneka, Pentsionistak Martxan eta Sasoia pentsiodunen elkarteak “alarma” agertu dute gaur, komunikabideen bidez iristen zaizkien albisteengatik. Pandemiak adineko pertsonen egoitzetan mendekotasunaren arretarako zerbitzu guztietan eta etxez etxeko laguntza zerbitzuetan izan duen eraginak ditu kezkaturik. “Zerbitzu horien egungo egoera bertatik bertara ezagutzeko interesa dugu, eta, horretarako, bilera bat hitzartzea proposatzen dugu, osasun-egoerak ahalbidetzen duen neurrian”, azaldu dute. Horretarako eskutitz bana bidali diete Nafarroako presidente Maria Txibite eta Gizarte Eskubideen kontseilari Carmen Maezturi.

“Erakunde arteko esparru bat sortzea planteatu nahi diegu, Nafarroako Gobernua, erabiltzaileen eta senideen elkarteak, pentsiodunen mugimendua eta erakunde sindikalak barne hartuko dituena, mendekotasunaren arretarako egungo eredua ebaluatzeko eta Nafarroan mendekotasuna duten pertsonen eskubideak bermatzeko estrategiak proposatzeko”, argitu dute elkarteek.

Hala ere, bilera horiei aurrea hartzeko, “funtsezkoak diren datu batzuk helaraztea edo argitara ematea” eskatu diete.

Informazio hau eskatu dute:

  • Pandemiaren eragina egoitza-zentroetan, titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan, bai eta etxez etxeko laguntza jasotzen duten pertsonengan ere; esate baterako, kobidoak ukitu dituen pertsonak, bai langileenak, bai zerbitzuen erabiltzaileenak. Detekzio-testa egin zaienei eta pandemiak hildako pertsona-kopuruan izan duen eragina; zenbat pertsonak gainditu duten, …
  • Osasun-alarmaren aurrean hartu diren neurriak, honako hauei dagokienez: osasun-baliabideak jartzea, familia-harremanak bermatzeko zentroak antolatzea, ohiko zerbitzuak emateko behar diren langileak jartzea, osasun-krisiak eragindako gehikuntza, prebentzio- eta sendatze-neurriak, eta horren inguruan garrantzitsutzat jotzen den beste edozein gai.
  • Eguneko zentroetara joaterik ez duten pertsonei emandako arreta; etxeko laguntzan lan egiten duten pertsonen eta mendekotasuna duten pertsonen osasuna bermatzeko hartutako neurriak (ordu-kopurua handitzea, sortutako eskaria beharrezko langileekin bete bada,...).
  • Adinekoen zein horien langileen egoitzetan eta etxez etxeko arreta-zerbitzuan Covid19 hedatzea prebenitzeko hartutako neurriak.
  • Egoera horrek eskatzen duen arreta bermatzeko zentroetan edo etxez etxeko laguntzan hartutako neurrien eta egindako inbertsioen kostua.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!