Espetxe politika arintzeko eskatu dute Salhaketak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoek eta Sarek

Euskalerria Irratia 2020ko api. 22a, 15:42

Espainiako Gobernuak Osasunaren Mundu Erakundearen eta Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordearen gomendioak bete ditzala eskatzeko eskaria egiteko eskatu diete Nafarroako alderdiei, sindikatuei eta gizarte eragileei.

Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak manifestu bat plazaratu dute dei egiteko“Nafarroako herritar guztiei, instituzioei eta eragile sozial, sindikal eta politikoei bat egin dezaten Espainiako Gobernuari honakoa exijitzearekin: lehenbailehen diseinatu eta gauzatu dezala espetxe politikaren arloko neurri plan bat, haren bidez betetzeko Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak (CPT) emandako gomendioak”.

Martxoaren 12an Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak erabaki zuen kartzelak bakartzea eta soilik kartzeletako funtzionarioei uztea bertara sartzen. Orduz geroztik Espainiako Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori delako neurririk onena espetxeetan Covid-19aren kutsapenei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako nahiz bizitzarako eskubidea bermatzeko.

Gizarte entitateek diotenez, “estatu askotan neurriak hartu badira ere kartzelan dauden milaka preso askatzeko”, Espainiako Estatuko Gobernuak halakorik egin ez izana tamalgarria da: “Hemen, espetxe politikaren arloan, neurri bakarra hartu da, kartzelak bakartzea alegia, eta horrek ekarri du, praktikan, presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne.”

Horregatik, Salhaketa Nafarroak, Etxeratek, Altsasuko Gurasoak plataformak eta Sare Herritarrak dei egiten diete Nafarroako herritar guztiei eta eragile sozial, sindikal eta politikoei, bat egin dezaten manifestu horrekin, Espainiako Estatuko Gobernuari eskatzeko OMSk eta Europako Kontseiluko CPTk egindako gomendioak bete eta presoak aska ditzala, berma dezala presoen eta beren familiakoen eta gertukoen arteko komunikazioa, eta berrezar ditzala presoen bisitak eta kartzela barruko jarduerak.

Entitateek adierazi dutenez, “egoera honetan borondate politikoak agintzen du, eta, orain inoiz baino gehiago, borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzuan egon behar du, baita presoen kasuan ere.”

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!