Nafarroako Gobernuak protokolo bat igorri die tokiko erakundeei, merkatu txikietan koronabirusaren transmisioa prebenitzeko eta ibilgailu ibiltariek kalez kale saltzeko higiene-gomendioekin.
Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak zenbait jarraibide bidali dizkie udalei eta kontzejuei, kontuan hartu beharrekoak, baimena ematen badute elikagaien eta nekazaritzako eta abeltzaintzako produktuen zuzeneko salmentarako merkatuak instalatzeko, edota kalez kale saltzeko.
Protokoloaren arabera, azoka txikien kasuan, postuen arteko gutxieneko distantzia 6 metrokoa izango da aurrez aurre eta 4 metrokoa alboen artean. Igarobide bat ezarriko da, eta horrek markatuko du erosleen fluxua, sarrera eta irteera eremu banarekin. Debekatuta dago autozerbitzu moduan saltzea, eta bezeroek salgai dauden produktuak ukitzea saihestuko da. Postuan, saltzaileek 2 metroko distantzia gorde beharko dute; beraz, bereizketa fisiko hori posible ez bada, saltzaile bakarraren presentzia baimenduko da; bezeroekiko 2 metroko distantzia mantendu beharko da, gutxienez.
Garbiketari eta bilketari dagokionez, sortutako hondakinak poltsetan utzi beharko dira, garbiketarako eta zaborra biltzeko udal zerbitzuek horretarako jarritako edukiontzien barruan. Egun bakoitzaren ondoren, saltzaileek jardueran erabilitako altzariak, ekipamendua eta tresnak desinfektatu beharko dituzte.
Ibilgailuek kalez kaleko salmenta egiten badute, etxez etxeko salmenta lehenetsiko da, eta ezinezkoa bada, bide publikoan pilaketak saihestea eta gutxi gorabehera 2 metroko segurtasun tarteak bermatzea gomendatzen da. Eskularruak, maskara eta gel desinfektatzailea dituen pertsona bakar batek banatu eta entregatuko ditu produktuak ibilgailu bakoitzeko.