Nafarroako Artxibo Garaikideak, Iruñeko Udal Artxiboak eta Tuterako Udal Artxiboak herritarrei eskatu diete argazkiak eta ikus-entzunezko materiala bidal dezaten, Nafarroan une honetan bizi den egoeraren lekukotza historikoa izan daitezkeenak. Kale eta plaza hutsak, ilarak denda eta supermerkatuetan, arratsaldeko 20:00etako txaloak; azken finean, eguneroko esperientzia dokumentu historiko bilakatuta, etorkizuneko belaunaldiei helarazteko.
Iruñeko bizilagunek archivomunicipal@pamplona.es posta elektronikora bidal ditzakete argazkiak; bideoak eta audioak, berriz, WhatsApp bidez 606 540 019 telefono zenbakira. Tuterako herritarrei dagokienez, material grafikoa nahiz ikus-entzunezkoa archivo@tudela.es helbidera bidal dezakete. Nafarroako gainerako lekuetako herritarrek posta elektroniko honetara egin dezakete bidalketa: administracion.donaciones@navarra.es.
Argazkiak jpg formatuan bidali beharko dira gutxienez 300 ppp-rekin; bideoak, berriz, gehienez 60 segundokoak izango dira. Argazki edo bideo bakoitzarekin batera data osoa eta deskribapen labur bat bidaliko dira: egilearen izena eta posta elektronikoa, materialarentzako izenburua eta garrantzitsua izan daitekeen bestelako informazioa; hala nola, kalea edo lekua, agertzen diren pertsonak edo bestelako edozein datu esanguratsu. Irudien erabilera dagokien artxiboen esku utziko da, argitaratzeko eta sare sozialetarako.
Ekimena bat dator Nafarroako Artxibo Garaikidearen Nafarroako Funts Garaikideak eta Oraingo Funtsak izeneko proiektuarekin; egitasmoaren helburua da ehun sozialak, kulturalak, politikoak eta erlijiosoak (jarduera instituzionalarekin lotzen ez direenak) azken hamarkadetan sortutako dokumentazioa jasotzea, kontserbatzea eta zabaltzea, Nafarroako memoria kolektiboa zaintzen laguntzeko.
Igarotako epidemien memoria
Artxiboek, beste funtzio batzuen artean, une historiko bat kontatzen duten testigantzak eta materialak biltzen, zaintzen, antolatzen eta, ondoren, zabaltzen dituzte. Koronabirusaren epidemia ez da Nafarroan dokumentatutako lehena izango.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusian iraganean lurraldea suntsitu zuten epidemia handiei buruzko albisteak aurki daitezke. Horietako lehena Izurri Beltza da, 1348koa; bertan, gaitzak eta goseak hiru urtez Nafarroako Erresumako biztanleen erdia baino gehiago akabatu zuten.
Erdi Aroko epidemiei buruzko erreferentzia askorik ez dago. Aldiz, XVI. mendetik aurrera kontserbatzen den dokumentazioa ugariagoa da, eta aurpegi zehatzak jartzen dizkio dramari. Errege Auzitegietako funtsetan izurriekin lotutako auzi ugari jasotzen da, eta, oro har, gaixotasunaren aurkako borroka soziala islatzen dute, hurrengo mendean behin betiko desagerrarazi arte.
XVIII. mendetik aurrera gertatutako epidemiek (tifus, kolera, baztanga eta gripea) ere utzi dituzte arrastoak Foru Aldundiaren funts dokumentuetan, bai eta XIX. mendearen amaieran sortutako eguneroko prentsan ere.
Azken epidemia handiak, Espainiako gripeak, Nafarroa astindu zuen duela mende bat. Garai hartako dokumentazio ofizialak eta kazetaritza kronikek erakusten dute, gaur egun bezala, gaixorik zeuden pertsonak isolatzeko eta etxebizitzetan sartzeko neurriak hartu zituztela, osasun zentroak indartu zituztela eta arnas aparatuko arazoak zituzten pazienteentzako zirkuitu espezifikoak ezarri zituztela; halaber, ikasturtea atzeratu zen, hiletak mugatu ziren, eta gelak aireztatzea eta eskuak ura eta xaboiarekin garbitzea gomendatu zuten.