Koronabirusak sortutako krisiak gogor kolpatu du kulturaren sektorea, eta ezjakintasun handia sortu. Hori adierazi zuen atzo Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol kontseilariak Internet bidez egindako prentsaurrekoan: “Ziurgabetasun handi bati aurre egin behar diogu, ez dakigu noiz berreskuratu ahal izango den kultur kontsumoa eta praktika2. Hori dela eta, esan zuen Kultura saila "eskura dauden baliabideak aztertzen” eta neurriak hartzea planifikatzen ari dela egungo beharrei erantzuteko.
Nurri horiek kultur eragileek proposatutakoak dira. Zehazki, kultur ohiturak berreskuratzeko komunikazio kanpainak, kultur mezenasgoa suspertzeko kanpainak eta kontsumoa sustatzeko kultur bonuak. Hala ere, ez zuen zehaztu noiz jarriko dituzten martxan neurri horiek.
Bestalde, Kultura Zuzendaritza Nagusiak udan antolatzen dituen programei eutsiko diola esan zuen kontseilariak, eta beharrezkoak diren moldaketak egingo dituztela. Hortaz, besteak beste, Kultur programa, Erriberriko Antzerki Jaialdia, Organo Musika Zikloa, Landarte eta Lizarrako Antzinako Musikaren Astea ere mantenduko dituzte.
Nafarroako Gobernuak langile autonomoei laguntzeko zenbait neurri onartu ditu. Alde horretatik, kontseilariak esan zuen laguntza horietatik bi milioi euro kultura eta kirol sektoreetara bideratzea aurreikusten dutela. Gainera, esan zuen arduratu direla neurri horiek kultur sektorearen ezaugarriak bildu ditzaten, eta horretarako, hogei bilera inguru egin dituzte sektoreko eragileekin.
Azkenik, adierazi zuen kultur arloko diru laguntzen aurtengo deialdien oinarriak moldatzen ari direla, horietan kontuan hartzeko proiektuak sortzeko prozesuak, eta ez hainbeste horiek erakusteko edo taularatzeko prozesuak, horietarako zailtasunak egongo direlako.