Marra jarraitu bikoitzarekin banatuko dituzte N-121-A errepidearen bi noranzkoak

Euskalerria Irratia 2020ko api. 16a, 10:57
Behargin bat, N-121-A errepidean marra margotzeko lanetan.

Lurralde Kohesiorako departamentua bide horretan seinalizazio horizontala jartzeko lanean hasi da. Lanak 21 egunetan bukatzea aurreikusten dute.

Nafarrorako Gobernuko Lurralde Kohesiorako sailak N-121-A errepidearen ardatzean eta alboetan seinale horizontalak jartzeko lanak hasi ditu, bidearen ikuspena hobetzeko eta homogeneotasun handiagoa emateko helburuarekin. Berrikuntza nagusi gisa, errepide horretako 63 kilometroetan zehar zirkulazioaren bi noranzkoak bereiziko dituen lerro bikoitz jarraitua margotuko dute.

Behin jarduera hori amaituta, martxaren noranzkoan errei bikoitza duten 36,87 kilometroetan soilik egin ahal izango dira aurreratzeak, hau da, bidearen luzera osoaren %58,61ean. Seinalizazio horizontala berriro margotzeko lanak 21 bat egunetan egitea aurreikusten da, betiere baldintza meteorologikoen arabera. Jarduera horren kostua 375.000 eurokoa izango da, gutxi gorabehera.

Marra jarraitu bikoitzak bi erreiko bost bide-zatiei ere eragingo die (horietan orain arte aurreratzeak baimenduta zeuden zirkulazioaren kontrako noranzkoa inbadituta). Modu horretan, aurreratzea debekatuko da ardatzean edo horri itsatsita marra eten bat zuten 3,36 kilometrotan, hots, bidearen %5,34ko luzeran. Zehazki, honako zati hauek izango dira: 9+220-9+720, 9+880-10+130, 16+330-16+600, 21+590-22+120 eta 22+370- 22+850 Iruña-Irun noranzkoan; eta 23+080-22+520, 22+270-21+710, 16+800-16+300, 11+630-11+270, 10+380-9+950 eta 9+850-9+470 Irun-Iruña noranzkoan.

Neurria martxoaren hasiera aldera adostu zuten Nafarroako Gobernuak eta Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzak, errepide horretako ezbehar-tasa murrizteko helburuarekin. Jarduera horien bitartez, Foru Exekutiboak otsailean jada ezarritako beste batzuk indartuko dira; hala nola, N-121-A errepideko hiru erreiko bide-tarteetan aurreratzeak noranzko batera mugatzea. 

Azkenik, Lurralde Kohesiorako Departamentuak gogorarazi du, neguko bidezaintza kanpaina amaitu eta gero, N-121-A errepideko zenbait zatitan, 25+990 eta 68+440 kilometro-puntuen artean, fresatzea eta zorua berritzea programatuta dagoela. Jarduera horri esker, marruskadura-koefizientea eta erregulartasuna hobetu ahal izango direla azpimarratu du. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!