SOS Arrazakeria, Gaz Kalo eta Paperak eta Eskubideak Denontzat taldeek kritikatu dute gizarte zerbitzuetako "irizpide komunen falta”

Euskalerria Irratia 2020ko api. 1a, 12:50

Egungo babes neurriek pertsona asko kanpoan uzten dituztela ohartarazi dute, eta horrek haien konfinamendu egoera larriagotzen duela.

SOS Arrazakeria Nafarroak, Gaz Kalo Nafarroako Ijito Elkarteen Federazioak eta Paperak eta Eskubideak Denontzat-ek "gizarte zerbitzuen eta auzo unitateen arteko irizpide komunen falta" salatu dute, "horietako batzuk ez baitira larrialdi neurriak aplikatzen ari”. Iragarri dute kexa bat helaraziko diotela Nafarroako Arartekoari.

Kolektibo horiek "kezka handia" agertu dute, "zerbitzuen artean jarduera-irizpideak askotarikoak direlako, jarraibiderik eta neurririk ez dagoelako". Egun dauden babes neurriek pertsona asko kanpoan uzten dituztela ohartarazi dute, eta horrek nabarmen larriagotzen duela haien konfinamendu egoera. "Pertsona batzuek oso zail dute larrialdiko neurri horiek hartzea, dokumentazio faltagatik, burokrazia administratiboagatik, baliabide telematikorik ez izateagatik, eta horri gizarte-zerbitzuetako profesionalen estresa gehitu behar zaio, baita biztanleria ahulenaren beldurra eta izua ere", azpimarratu dute ohar batean.

Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari eskatu diote udal eta mankomunitate guztiei gogorarazteko uneotan "ezinbestekoa" dela baldintzak malgutzea, behar duten pertsona guztiei elikatzeko eta gutxieneko diru sarrerak bermatzeko oinarrizko neurriak emateko orduan, "bazterketarik gabe", konfinamendua errazteko. "Bestela, pertsona horien egoera modu konponezinean larriagotuko da", gaineratu dute.

Era berean, gaur egun Nafarroan bizi diren pertsona guztien oinarrizko gizarte-estaldura bermatzeko neurriei buruzko argibide argiak argitaratzeko eta helarazteko eskatu diote gobernuaren Gizarte Eskubideen Departamentuari, Errenta Bermatuaren bidez.

Era berean, EUPHAko Migratzaileen eta Gutxiengo etnikoen Osasunaren atalaren adierazpenarekin bat egin dute. Testua 81 herrialdetako 1.800 profesional, akademiko eta ikertzailek baino gehiagok osatu dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!