Nafarroako Osasun Saileko Buruko Osasuneko gerentziak telefono bat jarri du COVID-19 birusa duten pazienteak artatzen dituzten osasun langileen eta soziosanitarioen eskura, astelehenetik igandera, 08:00etatik 20:00etara. Bertan, zerbitzu hori borondatez egiten duten Psikologia Klinikoko edo Psikiatriako langileekin harremanetan jarri ahal izango dira. Telefono zenbakia 848 420 020 da.
Nabarmentzekoa da koronabirusaren pandemiak sortutako egoeraren aurrean, osasun langileek eta soziosanitarioek hainbat faktore estresagarri jasaten dituztela, eta faktore horiek, neurri handiagoan edo txikiagoan, beren egonkortasun emozionalari eragin diezaioketela. Buruko Osasunak langile horien pentsamenduak eta emozioak alda ditzaketen elementu posibleak aztertu ditu, eta horien ondorioak arintzeko zenbait aholku jaso.
Laguntza hori Internet bidezko ekimen batekin osatzu dute, eta Madrilgo Erkidegoko Buruko Osasuna eta Adikzioak Koordinatzeko Eskualdeko Bulegoak kudeatuko du. Krisian parte hartzen duten taldeentzako autozaintza ekintzak dira. Bi saio ditu egunero: lehenengoan, profesionalek beren bizipenak partekatu eta azalduko dituzte; bigarrenak orientazio praktikoagoa du, emozioak erregulatzeko ariketen saio batekin, mindfulness terapian oinarrituta.
Emozioen kudeaketa
Osasun langileek jasan ditzaketen lan kargaren aurrean, litekeena da arreta edo kontzentrazio zailtasunak, informazioa bereganatzeko arazoak, zalantzak eta blokeoak edo memoria arazoak izatea. Pentsamendu horiek eragina izan ditzakete profesionalengan, animo aldaketak, antsietatea, frustrazioa, beldurra, errua edo inpotentzia eragiteko arriskuarekin. Egoera horiei aurrea hartzeko, Osasun Mentalak zenbait neurri proposatzen ditu, osasun langileek hainbat unetan har ditzaketenak, bai lanean, bai lanetik kanpo. Honako hauek dira:
Lanaldiaren barruan, lagungarria izan daiteke orduro minutu bat ematea arnasa sakon hartzeko. Norbere buruarekin ulerkorra izatea komeni da, eta egindakoagatik ez epaitzea edo zigortzea. Arduradunen jarraibideez fidatzea gomendatzen da. Era berean, adiskidetasuna sustatzea eta eraikitzeko gogoa izatea gomendatzen da, konponbideetan arreta jarriz eta hizkera katastrofista saihestuz.
Funtsezkoa da laneko atsedenaldiak aprobetxatzea eta beste gai batzuetan zentratzea, burua aireztatzeko. Ahal dela, lan eremutik aldendu eta atseden hartu. Biztanleria orokorrarentzat bezala, garrantzitsua da informazioa ez gainjartzea, bai eta telefonoa edo jakinarazpenak isilaraztea ere. Emozioak ikaskideekin partekatzea ezinegona leuntzeko ekintza izan daiteke. Larritasuna sentitzen bada, normaltzat hartu behar da, eta prozesuaren parte gisa onartu. Murriztu egingo da beste jarduera batzuetan arreta jartzen denean. Halaber, arnasa sakon hartzea lasaigarri izan daitekeen ekintza bat da, airea lau segundo arnastuz, denbora berean atxikiz, azkenik astiro zabaltzeko.
Lana amaitzen denean, gozatzeko eta deskonektatzeko aukera ematen duten jarduerak bilatu behar dira. Besteenganako edo norbere buruarekiko epaiketa zurrunak saihestu behar dira. Komeni da jardunaldian eman den laguntzari buruz hausnartzea. Atseden hartu eta deskonektatu egin behar da, eta informazioa etengabe eguneratzea saihestu. Ez da osasun fisikoa alde batera utzi behar, elikadura zaindu behar da, gaueko atsedena errespetatu, eta bizi ohitura osasuntsuak mantendu. Edonola ere, gainezka sentituz gero, laguntza eskatzeeko aukera aintzat hartu behar da.