Nafarroako Gobernuak atzoko bilkuran ezohiko neurriak bildu dituen Foru Lege-Dekretua onartu zuen koronabirusak eragindako kalteei aurre egiteko. Ekonomia, etxebizitza zein egoitzetako egoiliarren babeserako neurriak jaso dituzte, besteak beste. Modu horretan, esate baterako, PFEZen ordainketa zatikatuen epeak eta zenbait autolikidazio eta zerga-zorrak eten edo luzatu dira, eta bereziki 25.000 autonomo eta enpresa txiki eta ertainak izango dira onuradunak.
Halaber, kontratu publikoak luzatu eta kalte-ordainak aurreikusi dituzte horiek eteten diren kasuetarako. Etxebizitzari dagokionean, laguntzak aurreikusi dituzte alokairu publikoa edo pribatua ordaintzeko familia kaltetuentzat, eta babestutako etxebizitzen eta birgaitzearen espedienteen jarraipena bermatuko dute.
Arlo sozio-sanitarioan, berriz, egoitza-zentroen antolakuntzan esku hartzeko aukera ezarri dute (altak, bajak, leku-aldaketak…) eta zentro berriak ezartzekoa. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei dagokienean, egonaldi muga eten egin da. Azkenik, Nafarroako Hirigintza Plangintzaren Erregistroa indarrean jartzea atzeratu da.
Zerga-arloko neurriak eta kontratazio-neurriak eta diru-laguntza publikoa
Premiazko neurri fiskalei dagokienez, honakoak hartu dituzte:
1. Autolikidazioen aurkezpen eta ordainketa epea luzatzea: BEZaren autolikidazioak eta PFEZen konturako atxikipenak eta Sozietateen Gaineko Zerga, 2020ko lehen hiruhilekoak, aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea ekainaren 1era bitarte luzatuko da (lehen epe hori apirilaren 20ra bitartekoa zen). Era berean, apirilaren 30era bitarte luzatu da BEZaren autolikidazioak eta konturako atxikipenak (otsailekoak) aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea (lehen martxoaren 30era bitartekoa zen). Horrez gain, apirilaren 30era bitarte luzatu da martxoan edo apirilean aurkeztu beharreko informazio-aitorpenak aurkezteko borondatezko epea.
2. Langile autonomoei dagokienez, 2020ko lehen eta bigarren hiruhilekoetako PFEZen ordainketa zatikatuak etetea: neurri horrekin onura 25.000 autonomok izango dute, eta horren inpaktu ekonomikoa 27 milioi euro ingurukoa izan daiteke.
3. Zerga-zorrak ordaintzeko epeak luzatzea edo etetea: apirilaren 14a baino lehen amaitu gabeko zerga-zorren ordainketa-epeak apirilaren 30era bitarte luzatuko dira, eta martxoaren 14tik aurrera jakinarazitakoak ekainaren 1era bitarteko epean ordaindu ahal izango dira. Hilabete bat atzeratu da indarrean diren atzerapen-epemuga bakoitza ordaintzeko epea.
4. Jarduneko zerga-prozedurak izapidetzeko epeak eten egin dira, martxoaren 14tik apirilaren 30era bitartekoak (alegazioen eta errekurtsoen aurkezpena edo eskaerak artatzea, preskripzio-epeak…)
5. Langile autonomoen eta enpresa txikien zerga-zorretarako atzerapen berezia onartu da: autonomoek eta enpresa txiki eta ertainek eska dezakete (2019an fakturazioa 6 M €-tik beherakoa izan badute) martxoaren 14tik ekainaren 1era bitartean sortutako zerga-zorretarako. Atzerapena 7 hilabetekoa izango da, interesik gabe, lehen 3 hilabeteko gabeziarekin.
Bestalde, Nafarroako Foru Ogasunak, enpresen eta autonomoen likidezia babesteko helburu berarekin, zerga-itzulketak datozen hilabeteetan egiten jarraitzeko konpromisoa izaten jarraitzen du (batik bat BEZa).
Alokairurako laguntzen luzapena
Etxebizitza-arloan, laguntzak aurreikusten dituzte maizterrentzat, etxebizitza libreak edo babestuak izan, eta errentaren berandutzea eta barkatzea sustatuko dituzte. Neurri guztiak telematikoki izapidetu ahal izango dira.
Zehazki, etxebizitza libreari dagokionean, alokairurako EmanZipa laguntza-programak estaldura emango die martxoaren 14tik aurrera langabezian geratutako pertsona guztiei, adin-mugarik gabe; DaVid programa, berriz, familia-unitate ahul guztiak hartuko ditu, nahiz eta adin txikikoak haien kargu ez izan edota erroldan inskribatuta gutxienez urtebete ez egon.
Babestutako alokairuan, alokairua ordaintzeko pertsona eta familia errentariek jasotzen dituzten diru-laguntzak automatikoki berrituko dituzte, zenbatekoa errentaren %75era gehituaz, oro har, hiru hilabeteko denboraldian, neurria beranduago ere luzatu ahal izateko aukera alde batera utzi gabe.
Esku-hartzea egoitzetan eta bestelako zentroetan
Egoitza-zentroetan esku-hartzeari dagokionez, Nafarroako Gobernuak, justifikatutako osasun publikoko arrazoiengatik, egoiliarren alta, baja, birkokapena eta lekualdaketa eman ahal izanen ditu, zentro pribatu edo publikoetatik beste zentro batzuetara. Zentro berriak ere martxan jarri ahal izango ditu, eta lehendik daudenen gaitasuna edo antolaketa aldatu.
Dokumentuan, halaber, emakumeenganako indarkeriaren biktimak aipatzen dira. Alde horretatik, bertan behera uzten du pertsona horientzako baliabideetan egoteko muga, eta neurriak ezartzen ditu izurritearen aurrean osasun-neurriak aplikatzeko.