Nafarroako 32 ostatuk funtsezko zerbitzuak eskainiko dituzte Covid-19aren krisialdian

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 25a, 10:29

Premiazkotzat jotzen diren jarduerak egiten dituzten langileei ostatu emango diete. 

Nafarroako 32 ostatuk funtsezko zerbitzuak eskainiko dituzte Foru Erkidegoan, koronabirusaren krisiak dirauen bitartean. Hala ezartzen da Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren martxoaren 23ko TMA/277/2020 Aginduan, gaur argitaratu dutena Estatuko Aldizkari Ofizialean.

Establezimendu horiek itxita egongo dira jendearentzat oro har, baina ostatu emango diete premiazko lanak egiten dituztenei: osasun-laguntza, elikagaien produktuen hornidura, salgaien garraioa, telekomunikazio-sareen mantentze eta konponketa lanak eta aginduan funtsezkotzat jotzen den beste edozein jarduera egin behar duten langileei, Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzak ohar baten bidez azaldu duenez.

Ostatu horiek Osasun Ministerioak adierazitako babes neurri eta jarraibideak bete beharko dituzte, Covid-19aren kutsatzea saihesteko. Era berean, salbuespenezko zenbait kasu ezartzen dira. Hala, ostatu turistikoek hartu ahal izango dituzte adinekoak, adingabeak, mendekotasuna duten pertsonak, desgaitasunen bat dutenak, bereziki ahulak diren pertsonak edo osasun arreta behar dutenak artatzeko joan lekualdatu behar diren guztiak; baita ezinbesteko arrazoiengatik urgentziazko bizitoki bat behar duten guztiei ere.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!