Nafarroako Gobernuak ohar bidez adierazi duenez, erabaki horren bitartez, herritarren osasun publikoa edo kolektiboa bermatu nahi dute, aldi berean herritarrek behar duten mugikortasuna zaintzearekin batera, funtsezko zerbitzuetara eta lanera joateko.
Jakinarazi dute bidaiarien hiriarteko garraio erregularraren konpainia batek, Nafarroan zerbitzuen bolumen handiena duenak, ALSAk, jaitsiera nabarmena izan duela alarma egoera dekretatu zenetik. Larunbatean, martxoak 14, esate baterako, %75,84 jaitsi zen bidaiarien kopurua, aurreko urteko egun berarekin alderatuta; astelehenean, martxoak 16, jaitsiera %78,21ekoa izan zen; eta ostiralean, martxoak 20, kopurua %94,98 jaitsi zen, 2019ko datuekin alderatuta. Bestalde, hiriarteko taxi-zerbitzuei dagokienean, alarma egoeraren aurretik eguneko zerbitzuen zenbatekoa batez beste 2.800ekoa zen. Martxoaren 14an, 965 zerbitzu eman zituzten, martxoaren 15ean (igandea) 600, eta martxoaren 20an (ostirala) 359. Murrizketek eragina izan dute, halaber, aireko trafikoan, eta atzotik hasi eta martxoaren 29ra bitarte, Noaingo aireportua moztuta geratu da.
Bestalde, jakinarazi dute Garraioen Zuzendaritza Orokorra Hiriko Mugikortasun, Garraio eta Agenda Ministerioarekin lanean ari dela garraio sektorearentzat babes sistemak lortzeko. Materiala emandakoan, sektoreko enpresen artean banatuko dute ministerioak emandako irizpideen arabera.
Zerbitzuak ezartzeko irizpideak
Enpresek eman beharreko zerbitzuak finkatzerakoan, kontuan izan beharko dute herritarrek beren lanpostuetara eta oinarrizko zerbitzuetara joateko aukera izatea, eta, edonola ere, lehentasuna emango zaie goizeko lehen orduetako bidaiei. Nolanahi ere, gutxienez, eguneko joan-etorriko bidaia bat bermatuko da kontzesio bakoitzean. Enpresek, egindako aldaketen berri herritarrei adierazteaz gain, erabiltzaileen artean ahalik eta tarte handiena lortzeko beharrezko neurriak hartu beharko dituzte, eta ezingo dira ibilgailuaren plazen %25 baino gehiago okupatuta egon.
Modu berean, gobernuak gogorarazi du ondorengo neurriak hartu behar direla: erabiltzaileak ez esertzea gidariaren eserlekuaren atzeko ilaran; bidaiariak atzeko atetik sartzea, gidariek manpara batekin babestuta daudenean izan ezik edota txartela ibilgailuaren barruan eskuratu behar den kasuetan salbu; eta txartelen on line salmenta sistemak txartelak saltzeko prozesuan zehar ikusteko moduko mezu bat izatea gomendatuz ez bidaiatzea ezinbestekoa ez bada. Horrez gain, zerbitzuaren langileek egunero garbiketa lanak egin beharko dituzte ibilgailuetan.
Tailer irekiak eta babesteko ekipoak sektorearentzat
Berta Mirandak zuzentzen duen Garraioen Zuzendaritza Nagusiak azaldu du premiazko tailerrak irekita edukitzeko garraiolariek egindako eskaerari kasu egin diotela. Halaber, azpimarratu du Garraioen Zuzendaritza prest dagoela sektoreak egiten duen edozein eskaera aztertzeko, “salbuespenezko une hauetan lan hori errazte aldera”, tartean babesteko materiala banatzea.