Foru Gobernuak neurri ekonomikoak eta babes sozialekoak onartu ditu foru lege dekretu bidez. Foru exekutiboaren jarduera horiek hiru ildo nagusitan egituratzen dira: 100 milioi euroko funts bat sortzea, behar izanez gero handitu ahal izango dena; kreditu-emakida 30 milioira arte handitzeko lerro espezifikoak ezartzea; enpresei 40 milioira arte abalak ematea; eta, azkenik, larrialdi horri aurre egiteko giza baliabide publiko eta aurrekontu-baliabide guztiak mobilizatzea.
Maria Txibitek adierazi duenez, "ezohiko neurriak dira, salbuespenezkoak, Nafarroan garrantzi handia izango dutenak eta Espainiako Gobernuak hartuko dituenen osagarri izango direnak".
Zehazki, dekretuak langileen arloko neurriak jasotzen ditu, langileen kontratazioak berehala egiteko aukera ematen dutenak, eta sisteman ahalik eta profesional gehien sartzeko aukera ematen dutenak.
Eskubide sozialen arloan hainbat neurri hartzen dira giza baliabideen arloan, une oro zentro eta zerbitzu soziosanitarioen funtzionamendu egokia ziurtatzeko.
Foru Komunitateko Administrazio publikoaren eta haren foru sektore publiko instituzionalaren kudeaketa eraginkorrerako neurriak ere jasotzen dira dekretu honetan, kontratazio, kontabilizazio, aurrekontu-kudeaketa eta diru-laguntzen prozedurak behar berrietara egokitu daitezen, "batez ere kutsadurari aurrea hartzeko eta pertsonei laguntzeko baliabideez hornitzeko tresna arinak emanez".
Gainera, zaurgarritasun-egoeran dauden haurrak elikatzeko oinarrizko eskubidea bermatzeko neurriak hartzen dira, gizarte-zerbitzuen eta ikastetxeen arteko koordinazioa ezarriz. Aurreikuspen hori berehala aplikatu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen da Hezkuntza Sailak Gizarte Eskubideen Sailaren esku jartzea arreta horietarako erabiltzen dituen funtsak.
100 milioi eurorainoko funts bat sortu da, eta, hala badagokio, handitu egin daiteke, Covid-19ren kudeaketaren ondorioz sortzen diren ezohiko gastuak arintzen saiatzeko neurriak hartzeko, batez ere osasunaren, hezkuntzaren, gizarte-politiken, enpleguaren, familien, enpresen, ETEen, autonomoen, lana eta familia bateratzearen, gizarte-babesaren eta koronabirusak eragindako beste gastu batzuen sektoreetan. Zenbateko hori eguneratuz joan daiteke, sortzen diren beharrizan berrien arabera.
Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorren foru legea aldatzen da, enpresa-entitate publikoen, fundazio publikoen eta sozietate publikoen abal edo berme analogoen eta maileguen gehieneko zenbatekoei dagokienez, "hala behar duten enpresei laguntzeko, figura juridiko horien eskaria handitu egingo dela aurreikusten baita".
Azkenik, zerga-arloko neurriak hartzen dira zerga-betebeharrak mugatzeko, eteteko edo atzeratzeko, zergadunengan eragin negatiboa prebenitzeko.
Nafarroan zenbat enplegu erregulazio espediente dauden galdetuta, 101 direla esan du presidenteak, eta ez du zehaztu zenbat langileri eragiten dieten.
Gobernuaren bilera babes neurriekin
Babes neurriak betetzeko, asteazkeneko saioa ez da bilkura aretoan egin, Nafarroako Jauregiko beste areto batean baizik. Eta Manu Aierdi Ekonomia eta Enpresa Garapenerako kontseilariak, koronabirusagatik positibo eman zuenak, etxetik bertatik parte hartu du bilkuran, bideokonferentzia bidez.
Maria Chivitek adierazi duenez, talde parlamentario guztietako bozeramaileekin harremanetan dago eta "eskerrak emateko hitzak besterik ez ditut, Gobernuak guztietan salbuespenik gabe aurkitzen duen babesagatik".
Esan duenez, "egoera gogor bati egingo diogu aurre, zaila, gertatuko dena, eta esfortzu kolektibo izugarria ekarriko duena". Hala, herritarrei dei egin die "etxetik ez ateratzeko, salbu eta lan egiteko, elikadura erosteko, zaintzeko...".
Chivitek "zorroztasuna, pazientzia, herritar guztien konpresioa" eskatu du, eta eskerrak eman dizkie osasun arloko profesionalei, gizarte arlokoei, elikadura dendetan, farmazietan, garraioan, administrazioetan eta enpresetan lan egiten dutenei, Nafarroa eta Espainia aurrera atera daitezen ".
Presidenteak bere "animoa eta maitasuna" helarazi die gaixoei eta pertsona maitatu bat galdu dutenei. "Elkartasunetik, anaitasunetik, aurrera egingo dugu", esan du, "gobernuak ez du inor atzean utziko". "Irakaspenak eta ikaskuntzak lortuko ditugu, gogorrak, gizarte gisa indartsuagoak egingo gaituztenak".