Gobernuak luzatu egin du urrian onartutako neurria, zeinaren arabera sei hilabetez eten zuen apustu-etxe, joko-areto eta bingo berriak zabaltzeko baimena. Etenaldiak 2020ko uztailaren 3ra arte iraunen du, edo Nafarroako Gobernua jorratzen ari den Jokoaren Foru Legearen aldaketa indarrean jarri arte, adierazitako data baino lehen gertatuko balitz.
Era berean, luzapenaren ondorioz ez da onartuko baimenaren bideragarritasunari buruzko aurretiazko kontsultetarako eskaririk, ezta ere Foru Erkidegoko tabernetan, kafetegietan, kafe-antzokietan, apustu- eta joko-aretoetan, bingoetan eta kasinoetan joko- eta apustu-makinak jartzeko eskaririk.
Jadanik mota horretako makinak dituzten joko-aretoek zein ostalaritzakoek aukera izanen dute horiek berritzeko, matxura gertatuz gero edo makina gaurkotzeko beharra izanez gero, baina ez da baimenik emanen makina gehiago instalatzeko. Gaur egun 1.627 joko-makina eta 1.099 apustu-makina daude baimendurik Nafarroako ostalaritza-aretoetan.
Gobernuak Aurrekontuen Foru Legearen testu artikulatuan sartu ditu berrikuntza horiek, abenduaren 14ko 16/2006 Foru Legeari erantsitako xedapen iragankor bat barne. Lege hori indarrean dago oraindik, eta Gobernua hura aldatzeko lanean dihardu gaur egun.
Arau-aldaketa
sektorearen eta haren modalitate berrien zabalkundeak Nafarroako gizartean eragindako kezka dela eta, iragan urrian Foru Gobernuak departamentuarteko lantalde bat sortu zuen, Nafarroan jokoa arautzen duen araudia aldatzeko eta gaur egungo egoerara eta negozio-molde berrietara eta jokatzeko aukera berrietara egokitzeko. Lantalde horretan daude Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko departamentua; Ekonomia eta Ogasunekoa; Hezkuntzakoa; Eskubide Sozialetakoa; Osasunekoa; eta Kultura eta Kirolekoa, ahalik eta ikuspuntu gehien bateratzeko asmoz.
Gobernuaren asmoa alde guztien interesak babestuko dituzten neurri orokorrak hartzea da, enpresa-askatasunaren esparruaren barnean, baita osasun publikoarekin zerikusia duten eskubideen defentsarenean ere. Bereziki landu nahi dira ludopatiaren prebentzioa eta adingabekoen eta gizatalde zaurgarrienen babesa.
Foru Gobernua egiten ari den analisiaren ondorioak aintzat izanik, baimen-kopurua mugatzeko neurriak hartzeko aukera aztertzen ahal izanen da. Nafarroako Gobernuaren xedea araudi homogeneo eta orekatua ezartzea da, zeinean alde guztien eskubideak babestuko diren, segurtasun juridikoko printzipioaren onerako eta interes publikoa lehenetsirik.
Gobernuaren aburuz, analisia eta araudi-aldaketa gauzatzen diren bitartean ezinbestekoa da apustu-etxe, joko-areto eta bingoak irekitzeko baimen-emateak etetea, baita ere mota horretako makinak ostalaritza-lokaletan jartzekoak. Bestela egiteak sektorearen arrazionalizazioari eragingo lioke, araudia berraztertzen, lantzen eta aldatzen den bitartean.
alde batetik, etenaldiaren epea luzatzeari esker kontuan hartzen ahal izanen dira estatuan, Joko Jardueren Jakinarazpen komertzialei buruzko Errege Dekretu Proiektuaren bitartez, lantzen eta informazio publikoko izapidetze-fasean sartzen ari diren printzipioak eta xedapenak.
Gobernua eta iaz abiarazitako Nafarroako Parlamentuko Ponentzia aldi berean ari dira lanean. Foru Erkidegoko udalerrietan apustu-etxeen erregulazioa jorratzea da ponentzia horren helburua.