Tokiko eta sasoiko elikagaiak eskoletako jantokien oinarri izan daitezela eskatu dute hainbat eragilek

Euskalerria Irratia 2020ko martxoaren 11

Hezkuntza Departamentuak laster onartuko du jangelen zerbitzua esleitzeko baldintza agiria, eta eskatu diote baldintzetan ezar dezala 2020rako elikagaien %20 tokikoak eta %20 ekologikoak izateko eta portzentajea gradualki igotzen joateko betebeharra.

Hainbat udal, elikadura arloko ekoizle, sindikatu, guraso elkarte eta kolektibotako ordezkariek agerraldia egin dute gaur goizean, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatzeko elikadura burujabetza “erdigunean” jar dezala, eta tokiko eta sasoiko elikagai ekologikoak izan daitezela eskoletako jantokien oinarri.

Izan ere, jakinarazi dute Hezkuntza Departamentuak laster onartuko duela jangelen zerbitzua baldintza agiria, eta salatu dute eragileek ez dutela zirriborrorik ezagutu eta ezin izan dutela ekarpenik egin. Hori dela eta, eskatu dute baldintzetan ezar dezatela 2020rako elikagaien %20 tokikoak eta %20 ekologikoak izateko eta portzentajea gradualki igotzen joateko betebeharra. “Gure gizartearen betebeharra da elikadura zirkuitu labur, nahikoa, osasuntsu eta jasangarria diseinatzea”, adierazi du Sortzen elkarteko Aitziber Garmendiak.

Eskaera horretaz gain, pleguan “kalitatezko lanpostuak sortu eta mantentzeko eta lan baldintza duinak bermatzeko irizpideak ezartzeko” ere eskatu dute, bai eta “elikadura justizian eta elikadura subiranotasunean aurrera egiteko” ere, jangeletako plateretan hori islatzen bada, osasunean, ekonomika zirkularrean, iraunkortasunean eta landa eremuaren susperraldian lagunduko duela uste baitute.

Izan ere, eskaera horiekin, landa eremu biziaren defentsa egin nahi dute, eskoletako jangelek modu deslokalizatu eta jasanezinean garatzen den elikadura eredu bat bultzatzen duten bitartean, Nafarroako landa eremua husten eta nekazal ustiaketak galtzen ari baitira. Zenbait datu eman ditu Joseba Otondo Baztango alkateak: “Nafarroan azken hamar urteetan nekazaritza ustiaketen %20 baino gehiago galdu dira; bestalde, Nafarroako Gobernuaren datuen arabera, 142 herri populazioa galtzen ari dira, udalerri eta kontzeju guztien %28; osasun faktorean ahaztu gabe: bi eta hamalau urte bitarteko haur nafarren %28k gehiegizko pisua baitute”.

Azkenik, adierazi dute ez dutela onartuko norabide horretan egiten ez den aldaketarik. Hortaz, gobernuak  urrats horiek modu egokian egiteko denborarik ez dagoela iritziz gero, eskatuko diote lantzen ari den baldintza agiria urtebetera mugatu dezala, eta berria lantzeko epe egokiago bat zabal dezala, eragile sozialen parte-hartzea bermatzeko.

Dagoeneko 50 atxikimendu lortu dituzte, eta gehiago jasotzea aurreikusten dute.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!