71 ikasle nafarrek ezin izanen dute Erasmus bekaldia amaitu Ipar Euskal Herrian, koronabirusa dela eta

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 10a, 08:06

Ikastetxeetako bat Donibane Garazikoa da (Argazkia: Turismo Vasco)

Ikastetxeek atzera bota dituzte, Foru Erkidegoan koronabirus kasu ugari izaten ari direlakoan

Nafarroako DBHko 71 ikaslek ezin izan dute itzuli Ipar Euskal Herriko hiru ikastetxetara, eta Biarnoko beste batera. Gazte nafarrok Ikasleak trukatzeko Erasmus programan parte hartzen ari ziren, baina lau ikastetxeok truke hori bertan behera uztea erabaki dute, eta 71 ikasleok atzera botatzea, haien jatorrizko lurraldean, Nafarroan, covid-19 kasu ugari izaten ari direlakoan.

Ikastetxeok modu autonomoan hartu dute erabakia, haien kasa. Uztaritzeko Saint Joseph, Donibane Garaziko Mayorga, Mauleko Saint François eta Salbaterrako (Biarno) Saint Joseph dira.

Haatik, Nafarroako beste 82 ikaslek Baiona eta Paueko ikastetxeetan eskolatuta jarraitzen dute, eta han, Erasmus egitasmoarekin adostu bezala. Hala, berriki kaleratutako ohar batean, Hezkuntza Nazioartekotzeko Espainiako Zerbitzuak gogorarazi du Erasmus programan parte hartzen duten erakunde eta norbanakoei dagokiela erabakitzea eragindako arloetan aurreikusitako mugikortasunak bertan behera utzi edo atzeratu behar diren.

71 ikasleei dagokienez, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak jakinarazi duenez, ahalik eta lasterren berriro onartuko dituzte Nafarroako jatorrizko ikastetxeetan. Halaber, joan den asteburuan, Hezkuntza Sailak elkarrizketak izan zituen Nafarroako ikastetxeekin, 71 ikasle horiek "berriz hartzeko prest egon daitezen" eskatzeko, bai eta trukeak hitzartuta zituzten ikastetxeekin ere, Erasmus horien egoeraren jarraipena egiteko. Hasiera batean, egoera hori amaitu gabe geratuko da, "Ez baitakigu zenbat denbora luzatuko den edo zer ondorio izango dituen", azaldu zuten Gobernutik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!