VW Nafarroari sei egunez ekoizteko piezak baino ez zaizkio geratzen, koronabirusa dela eta

Euskalerria Irratia 2020ko mar. 4a, 13:49

  • Enpresak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea aurkeztu nahi du, 2018ko baldintza berberetan.
  • Koronabirusaren kontura aberastu nahi izatea leporatu dio ELA sindikatuak Volkswageneko zuzendaritzari. 

Egun dituen piezekin, Volkswagen Nafarroak hiru eta sei egun bitartean eutsi ahal izanen dio produkzioari, besterik ez. Arazoa, koronabirusa hornitzaileekin eragiten ari den komunikazio arazoak. Txinatik Iruñera osagaiak hegazkinez iristen ari dira, baina harremana zailagoa da Italia iparraldeko hornitzaileekin.

Enpresako zuzendaritzak Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) aurkezteko aukera aztertzen ari da. Gaur lehen negoziazio bilera egin du enpresa batzordeko ordezkari sindikalekin. Bilera horren amaieran, enpresa batzordeko Alfredo Moralesek azaldu duenez, “eragin zuzena izateko aukeraren aurrean, eta koronabirusaren garapenagatik, nola eboluzionatuko duen ere ez dakigunez, enpresak enplegua erregulatzeko espedientea eskatu nahi du".

Moralesen beraren arabera, Landabenen ekoizten dituzten T-Cross eta Polo modeloetako 80 pieza fabrikatzen dituzte Txinan. Eta ezinezokoa da autoak muntatzea eta gero pieza horiek gehitzea. Betiere UGTko ordezkari sindikalaren arabera, Italiako iparraldean, egoera "kritikoagoa" da; izan ere, hornitzaileen enpresak Lombardia, Veneto eta Piamonten daude, haien biltegiratze ahalmena oso txikia da; eta, beraz, hiru eta sei egun arteko piezak baino ez daude bermatuta. Italiatik datozenak estalkiak, plaka antikalorikoa, atariko moldura edo maletategiko erretilua bezalako piezak dira, eta horien gabeziak erabat geldiaraziko luke Iruñeko ekoizpena.

Moralesek azaldu duenez, pieza horiek gabe ezingo lirateke autoak egin geroago gehitzeko, egoera normaltzen denean: "Ezingo lirateke autoak lineatik atera, ibilgailuaren etxabeetan jartzen den plaka antikalorikoa falta bada, adibidez, ezinezkoa delako gerora muntatzea".

Moralesek azaldu duenez, zuzendaritza prest agertu da ABLEEa 2018an adostutakoaren baldintza berberetan planteatzeko, iraupenari dagokionez izan ezik, urte amaierara arte irekitako espedientea planteatuko litzatekeelako, “ez baitakigu ekoizpena etengo den, zenbat egunez edo kutsatuko den”.

Horrez gain, bileran zuzendaritzak jakinarazi du ABLEEko egun bakoitzak 650.000 euroko kostua duela, eta urteko produkzio programa betetzea dela helburua. Moralesek adierazi du UGTrentzat "funtsezkoa" dela lanpostuen bermea negoziatzea, bai langile finkoentzat bai behin-behinekoentzat, eta soldata bermea, zehazki kontzeptu finkoak %100ean ordaintzea ABLEEak irauten duen bitartean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!