Lesboseko pertsona errefuxiatuak hartzeko prest azaldu da Nafarroako Gobernua

Euskalerria Irratia 2020ko martxoaren 4a

Lesboseko uhartean, pertsona errefuxiatuen egoerak okerrera egin duen unean, Nafarroako Gobernuak bere esku dituen abegiratze eta babes azpiegitura eskeini du. "Larrialdiko ekintza humanitarioa da" adierazi du Gobernuak.

Nafarroako Gobernuak harrera eta babes sistemak eskaintzen dizkie gaur egun Lesbosko errefuxiatu guneetan dauden eta Europar Batasun osoan birkokatzen diren pertsonei. Hala azaldu dio Patricia Ruiz de Irízar Migrazio Politiken zuzendari nagusiak Hana Jalloul Migrazioen Estatu idazkariari, biek Madrilen izandako bileran.

"Harrera-lurralde gisa eskaini nahi dugu geure burua, non pertsonen eskubideak, jatorria edozein izanda ere, oso kontuan hartuko diren", adierazi du Ruiz de Irizarrek, "Larrialdiko ekintza humanitario bat da, Itsas Salbamendu Humanitarioa elkartearekin izandako topaketa batean jorratu zena". Gogoratu behar da Itsas Salbamendu Humanitarioa, Zarautzen egoitza duena, Aita Mari erreskate ontziaren funtzionamenduaz arduratzen den elkartea dela.

Bilera horretan, gainera, beste gai batzuk ere jorratu ziren. Migrazio Politiken Zuzendaritza Nagusiak eskatu zuen prestakuntza- eta lan-ibilbideak erraztuko dizkieten neurriak aztertzeko Nafarroan bakarrik dauden adingabe gisa sartu ondoren adin-nagusitasuna betetzen duten gazte migratzaileei. "Gaur egun indarrean dauden oztopo administratiboak murriztea planteatzen dugu, gazte horiek Nafarroan erabat integratu daitezen, prestakuntza amaitu dezaten eta lan-merkatuan sartu ahal izan daitezen", azaldu du Ruiz de Irizarrek.

Beste gai bat asilo-eskatzaileen egoera izan zen; gaur egun, denbora luzea itxaron behar dute eskaera hori berretsi edo ukatu arte. Kasu askotan, pertsona horiei asiloa ukatzen zaienean hautsita ikusten dute lortutako gizarteratzea eta laneratzea. "Aukera guztiak aztertzea nahi dugu, haien eskaera ebatzi arte zain zeuden bitartean, lan bat aurkitu eta bikain integratu diren pertsonen bizi-plana hautsi ez dadin", adierazi du Ruiz de Irizarrek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!