Genero indarkeriaren biktima diren emakume langabetuendako formakuntza bekak martxan jarri ditu Gobernuak

Euskalerria Irratia 2020ko martxoaren 4a

Eguneko 10 euroko zenbatekoa jasotzeko eskubidea izango dute, eta beste garraio- edo kontziliazio-laguntza batzuei gehituko zaie. Helburua, prestakuntza eta formakuntza saioetara joateko erraztasunak jartzea da.

Genero indarkeriaren biktima diren eta langabezian dauden emakumeek, Eskubide Sozialetako Departamentuaren menpeko erakunde Nafar Lansareren  prestakuntza-ikastaroetara joaten badira, 10 euroko beka jasotzeko eskubidea izango dute egunero. Laguntza hori zentro propioetan zein erakunde espezializatuen bidez ematen diren ikastaroei aplikatuko zaie. Laguntza horrekin, erakunde autonomoak haien gizarteratzean eta laneratzean lagundu nahi du.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta diruz lagundutako prestakuntza-erakundeek beken eta laguntzen sistemaren berri ematen dute ikastaro bakoitzaren lehen egunean: motak eta izapidetze-modua. Genero-indarkeriaren biktimen kasurako, NEZek zuzeneko izapidetzea ezarri du NEZaren aurrean, prestakuntza-erakundeak bitartekari lanak egin beharrik izan gabe, horrela informazioa babesteko.

Gainerako laguntzak hauek dira:

  • Kontziliazioa: 13,44 euro egunero.

  • Garraioa: 1,5 eta 15 euro artean eguneko, garraio motaren arabera (hiriartekoa, norberaren autoa, etab.).

  • Mantenua: 12 euro eguneko, goiz eta arratsaldeko ikastaroetara joan eta 20 kilometro baino gehiago egiten dutenentzat.

  • Ostatua eta mantenua: 90 kilometro baino gehiago egiten dutenentzat.

Genero-indarkeriaren biktimentzat ez ezik, NEZek desgaitasuna dutenentzako bekak ere baditu (9 euro eguneko). Iaz, NEZek 500.241 euro bideratu zituen langabeentzako prestakuntzara joateagatik beka eta laguntzetara, 3.400 parte-hartzaile baino gehiagorekin.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!