‘Zer egiten duzu zuk berdintasunaren alde?’, Nafarroako Gobernuaren leloa martxoaren 8rako

Euskalerria Irratia 2020ko martxoaren 3a

Eva Isturiz eta Maria Angeles Garcia, kanpainaren aurkezpenean. Irudia: Nafarroako Gobernua

Nafarroako Berditasunerako Institutuaren bitartez jarri du martxan kanpaina, herritarrak hausnartzera eta berdintasuna lortzeko borrokan konpromisoak hartzera bultzatzeko.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez, kanpaina bat jarri du abian martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioarteko Egunaren karietara, Zer egiten duzu zuk berdintasunaren alde? lelopean. Herritarrei gogoeta eginarazi nahi die kanpainak, eta benetako berdintasuna lortzeko borrokan konpromiso pertsonala hartzera bultzatzen du gizartea.

Egunerokoan hartzen diren jarrerak, banakako jarrerak, garrantzitsuak direla gogorarazi nahi dute. Horretarako, ispilu batean jarriko dituzte kanpainako mezuak, nork bere buruarekin aurrez aurre topatzean, gogoeta egin dezan.  

Herritar ororen inplikazioa lortzeko, hedabideen eta sare sozialen bitartez iragarriko dute kanpaina. Horrez gain, kanpainak martxoaren 8tik aurrera ere iraun dezala nahi dute; horretarako, datozen hilabeteetan kanpainako irudia eta goiburua duten pegatinak banatuko dituzte, Nafarroako Gobernuko eraikinetan, ospitale, osasun, etxe eta ikastetxeetan, eta baita saltoki eta ostalaritza establezimenduetan ere.

Eva Isturiz NABIko zuzendari kudeatzaileak adierazi duenez, martxoaren 8a "mugimendu feministaren eta emakumeen aldarrikapen eguna da, genero desberdintasuna egiturazko fenomenoa dela gogorarazten diguna". NABI erakundearen 25. urteurrena ospatzeko ere aukeratu duten leloa; "atzo ausartak izan zirelako, gaur indartsuagoak garelako eta bihar askeagoak izango garelako", Isturizen hitzetan. Institutua sortu zutenek emakumeen aurkako diskriminazioa eta indarkeria desagerrarazteko egindako ahalegina aitortu nahi dutela adierazi du. 

Berdinna saria

Martxoaren 8ko ekitaldi sortaren barnean, asteazkenean, aurtengo Berdinna saria emango diote Astelehen Lilak elkarteari. 

Sari horrekin, erakunde horrek herrialdean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean egindako "ekarpen zalantzaezina" aitortu nahi du gobernuak. Bere ibilbidea eta bilakaera dira nabarmendu nahi dituzten beste meritu batzuk; izan ere, gaur egun, elkartea erreferente bihurtu da berdintasunaren arloan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!