“[Semeak] Komisaldegira joan beharko du inauterietan moxaurrez jantzita ibiltzeagatik Iruñeko karriketan”. Hala azaldu du gazteotako baten aitak, Gaizka Arangurenek, Twitterren. Espainiako Polizia Nazionala haien etxera joan zen atzo, zitazioa ematera. Arangurenek berak zabalduriko informazioaren arabera, guztira zazpi dira deklaratzera deitu dituzten gazteak, gehienak adingabeak.
Gogoratzekoa da hain zuzen ere Alde Zaharreko inauterietan kalejira egiten ari zirela, hainbat gazte moxaurrez mozorroturik zihoazela, Espainiako Polizia Nazionaleko furgoi batek abiada bizian egin zuela festan ari zirenen aurka, eta 14 urteko neskatiko bat harrapatu zuela. Anbulantzia deitu ordez, Poliziak adingabea atxiloturik eraman zuen furgoian. Gero ospitaleratu behar izan zuten, pelbisean fisura zuela eta. Arangurenen irudikoz, “zazpi gazte komisaldegira deituz estali nahi dute dena”. Arangurenek elkartasun mezu ugari jaso du Twitterren.
Bestalde, Alde Zahar Ekimenak auzo batzarra antolatu du, inauterietan Espainiako Poliziak egindakoa aztertzeko. Martxoaren 6an izanen da, 19:30ean, Plazara! aretoan. Batzarrera deitzeko deia zitazioon berri izan aurretik zabaldu zuten, "Polizia inauterietan: zer gertatu da? Zer eginen dugu?" leloarekin.
Komisaldegira joan beharko du inauterietan moxaurrez jantzita ibiltzeagatik Iruñeko karriketan. Poliziak 14 urteko haurra furgonetarekin harrapatu, atxilotu eta ospitalera eraman behar izan zuen pelbisean fisura eraginda. Sei gazte komisaldegira deituz estali nahi dute dena.
— Gaizka Aranguren Urrotz (@gaizkaranguren) March 2, 2020