Miren Zabaleta: “Estatu sakona konponbidearen bidean egin daitezkeen urratsak oztopatzen saiatzen ari da”

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 25a, 11:33

Ongietorrien auziak ez duela “inolako helduleku juridikorik” salatu du abokatu leitzarrak, Euskalerria Irratian egindako elkarrizketan.

Sei lagunek deklaratu zuten atzo Espainiako Auzitegi Nazionalaren aitzinean ikertu moduan, presoen ongietorrien auziaren barruan. Miren Zabaleta abokatua eta Sortuko kidea horietako bat da. Haren irudikoz, auzia joko politikoan kokatu beharko litzateke, ez baitu ibilbide juridikorik: “Euskal preso politikoen afera bake agenda batean ezinbesteko elementu bezala lantzen ari den garai hauetan, eta aukeraren leihoa zabal daitekeen garai hauetan, estatu sakona dei dezakeguna ari da nolabaiteko presioa egiten, ziurrenik konponbidearen bidean urratsak eman ez daitezen, eta lege aldaketa batzuk eman daitezen”.

Antza denez, ikertuei terrorismoaren goresmen delitu jarraitua egotzi nahi diete, ongietorriak antolatzeagatik eta horietan parte hartzeagatik. Zabaletaren aburuz, ikertuen deklarazioak oso ongi joan ziren atzo: “Deklaratu genuenon artean inor ez dute identifikatzen ongietorri batean, eta ongietorrien bidez gorazarre etengabea egitea da leporatu nahi digute”. Bestalde, betiere abokatu leitzarraren irudikoz, argi geratu zen inolako talderik ez dutela osatzen: “Ez dugu gure artean inolako antolaketa mailarik, ez gara dedikatzen etengabea lan horretan aritzera edo horrelako ekimenak antolatzera”. Gauzak horrela, “ez dago helduleku juridikorik egin duten eraikuntza honi eusteko”.

"Berriz min hau"

Zabaletaren kasu zehaztean, epaileak bi ekitaldiz galdetu zion: presoen eskubideen alde egindako mobilizazio bat eta Xabi Rei presoaren heriotzaren ondotik tanatorioan egindako ekitaldia. “Esplikatu nien Xabi Reiren heriotza gogor eta anker horren gorabeherak nola izan ziren, eta ulertzen dugula halako heriotza baten aurrean errespetuzko agurra egitea ezin dela ulertu gorazarre delitu bezala, baizik eta errespetuan eta bakean bizi nahi duen herri batean gutxieneko demokratiko bat dela”, azaldu du.

Bateragune auziaren kontura, Zabaletak sei urte igaro zituen espetxeraturik. Auzi berriak orduko mina berpiztu diola dio: “Berri Txarrak-en kanta bat datorkit gogora berriz min huau, ez dut libre egon nahi baizik eta bizirik sentitu. Kanta horren harira, gauza bat da libre egotea eta beste bat bizirik sentitzea. Ikusten da zein nekeza egin nahi dioten herri honi eta herri honetako pertsona askori libre izatea”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!