Batez beste %17,4 jaitsi da langabezia, 2019an

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 24a, 14:21

Errealitate Sozialaren Behatokiak 2019ko Biztanleria Aktiboaren Inkestari (EPA) dagozkion datuen urteko txostena egin du. Langabeen %52 emakumeak direla jaso dute txostenean.

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Errealitate Sozialaren Behatokiaren bidez, 2019ko Biztanleria Aktiboaren Inkestari (EPA) dagozkion datuen urteko txostena egin du, eta, horren arabera, Nafarroan langabezia batez beste 5.500 pertsonatan jaitsi zen, hau da, 2018an baino %17,4 gutxiago.

Txostenak urtarrila eta abendua bitartean erregistratutako datuen batez bestekoak jasotzen ditu, ekitaldian zehar egin ziren lau EPA inkesten bidez.

Datuen arabera, 2019an 288.900 pertsona zeuden lanean, 2018an baino %2,4 gehiago eta 2013an baino %11,9 gehiago, baina 2008an baino -%2,2 gutxiago. Zenbaki absolutuetan, 2013. urteaz geroztik, 30.800 pertsona landun gehiago ditu Nafarroak, eta 30.500 pertsona langabe gutxiago. Beraz, termino erlatiboetan, krisiaren aurretik zegoen enpleguaren %83 berreskuratu da gutxi gorabehera, eta, langabeziari dagokionez, %88 "zuzendu" da goreneko unetik. Hobera egin arren, 2008an baino 4.300 langabe gehiago zenbatu dituzte.

Langabezia-tasari dagokionez, 2019an %10etik beherako balioetan kokatu zen, eta, horri esker, Nafarroak langabezia-tasa txikiena zuen lehen autonomia-erkidegoa berreskuratu zuen (2018an bigarrena izan zen). Zehazki, urteko batez bestekoa %8,2koa izan zen, 2018koa baino 1,8 puntu txikiagoa. Beraz, langabeziak biztanleria aktiboaren artean duen eragina ere gure inguruko erkidegoetan baino txikiagoa da. 2019an, Estatuko batez bestekoa %14,1ekoa izan zen, hau da, Nafarroakoa baino 5,9 puntu handiagoa. Alde hori handitu egin da 2018arekin alderatuta (orduan 5,3 puntukoa izan zen).

Langabeen %52,3 emakumeak dira

2019an, murriztu egin da gizon langabeen eta emakume langabeen ehunekoaren arteko desoreka. Langabeen %52,3 emakumeak izan dira, eta %47,7 gizonak. 2002an hamar langabetik ia zazpi emakumeak zirela.

Langabezia-tasa %7,4koa da gizonen kasuan, eta %9,2koa emakumeen kasuan. Bestalde, gazteei dagokienez, bereziki positiboa da langabezia-tasaren beherakada handiagoa beste adin-talde batzuekin alderatuta. Hala ere, tasen arteko aldea handia da oraindik, 14,3 puntuko aldea baitago (%22,5 eta %8,2, hurrenez hurren).

Atzerritarrei dagokienez, antzeko zerbait gertatzen da, langabezia-tasak nabarmen egin du behera krisiaren unerik larrienarekin alderatuta. Hala ere, espainiar nazionalitatea duten biztanleekiko aldeak esanguratsuak dira oraindik ere. 2019an, atzerritarren langabezia-tasa %19,4koa izan zen (batez ere, erkidegoz kanpoko biztanleriaren langabezia-tasa handiagoa izateagatik, %23), eta espainiar nazionalitatea duten biztanleria aktiboaren langabezia-tasa %6,7koa izan zen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!