Nafarroako Gobernuak, Herritarrekiko Harremanetarako Departamentuaren bitartez, La represión en Navarra (1936-1939) (Errepresioa Nafarroan (1936-1939) liburuaren edizioan lagundu du. Liburu horrek José María Jimeno Jurío ikertzaile artaxonarrak 1936ko kolpe militarraren ondoren Nafarroan jasandako errepresioaren inguruan egindako landa-lan luzea jasotzen du.
Obra bi liburukik osatzen dute, eta gaur goizean aurkeztu dute Roldan Jimeno Jurio obra osoen zuzendariak (eta Jimeno Jurioren semeak); David Mariezkurrena Pamiela argitaletxeko zuzendariak; Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak; eta Jose Miguel Gaston Nafarroako Gobernuko Memoriaren Institutuko zuzendariak.
Bere hitzaldian, Ollo kontseilariak obra berri honen garrantzia azpimarratu du: "Nafarroa bezalako lurralde batean 1936ko kolpe militarraren ondoren sortutako indarkeria izugarriaren ondorioei buruzko gure ezagutza eraikitzeko oinarri gisa funtzionatzen duen ahalegin eskerga, non, jakina denez, ez zen gerra-fronterik izan".
"Roldan Jimenok proiektu hau aurkeztu zigunean, Nafarroako Gobernuak bertan parte hartu behar zuela argi izan genuen, hura zabaltzen lagunduz, gure lurraren ondare memorialistaren parte bezala. 1936tik aurrera gure gizarteak bizi izan zuen beldurrezko iragana ikertzen duten pertsonentzat ezinbesteko tresna izaten jarraitzen duen material baten aurrean gaude ", amaitu du.
Memoriaren Institutuak digitalizatutako jatorrizko fitxak
Modu horretan, Nafarroako Gobernuak bere gain hartu du obra hori Nafarroako Foru Erkidegoko liburutegi publiko guztietan egoteko konpromisoa, eta horiekin lotura bereziki estua zuen Jimeno Juriok.
Gainera, azpimarratu behar da José María Jimeno Juríok egin zituen jatorrizko fitxak digitalizatuta daudela, familiaren lagapenari esker, Nafarroako Memoriaren Institutuko Dokumentazio Zentroan, eta eskuragarri daudela kontsultatzeko. Jimeno Jurioren lana funtsezko mugarria izan zen 1936ko kolpe militarraren ostean Nafarroan gertatutakoari buruzko egia historikoa berreraikitzeko.