Lesakan, Leitzan eta Otsagabian jokatuko dira lehen faseko azken saioak

Euskalerria Irratia 2020ko ots. 14a, 11:06

Gaur iluntzean izango dira hiru saioak, lehenengo faseko azkenak. Horiekin, erabat zehaztuko da finalaurrekoetan ariko diren sei taldeen zerrenda.

Amaitzear da 2020ko Bardoetako lehenbiziko fasea. Hain zuzen ere, gaur jokatuko dira azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian. Horiekin, hamahiru saioko fasea bukatutzat emango da, eta zehaztuta geldituko dira finalaurrekoak. Hasieratik parte hartzen ari diren hamahiru taldetatik seik egingo dute aurrera.
Lesakan izango da gaurko lehen saioa. Arrano Elkartean jokatuko da, 19:00etatik aurrera, eta bertan izango dira herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeak, B multzoari dagokion saioan. 5 euroko sarrera izango du ekitaldiak, eta merendua eskainiko da bukaeran.

Leitzan 19:30ean hasiko da saioa, eta Atekabeltz Gaztetxean izango da. Etxeko Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego haizea taldea izango dira parez pare, C multzoko saioan. Sarrera librea izango du ekitaldiak, baina izango da borondatea uzteko aukera, eta jatekoa eskainiko da saioa amaitutakoan.

Otsagabiako saioak itxiko du lehenbiziko fasea. Gartxot Elkartean izango da, 20:00etan hasita, 5 euroren truk. Erroak herri horretan dituen Amortziaren eliobak taldea eta Sakaña talde bisitaria izango dira kantuan, finalaurrekoan toki bat eskuratu nahian. D multzoari dagokio saioak.

Sei toki finalaurrekoetan

Tuteran eta Anizen (otsailak 29), Atarrabian (martxoak 6), Tafallan (martxoak 7), Goizuetan eta Jaunsaratsen (martxoak 14) izango dira finalaurrekoak. Hiru kanporaketa dira guztira, joan-itzuli formatuan (eta beraz, sei saio). Lehen fasetik sailkatutako sei talde izango dira horietan kantari.
Berako Lamixene eta Malerrekako Bertsonautak taldeek ziurtatua dute honezkero finalaurrekoetarako txartela, eta gaur argituko dira zein beste lau talde pasako dira hurrengo fasera.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!