Bakartxo Ruiz: “Balio politiko handiko aurreakordioa da gobernuarekin lotu duguna”

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 13:50

Bakartxo Ruiz, artxiboko irudi batean.

EH Bilduko parlamentariak dio gobernua mugitu dela, eta gastu sabaia igotzea “albiste ona” dela “nafar jendarte osoarentzat”.

EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek Metropoli Forala saioan azaldu duenez, bere koalizioak eta gobernuak lorturikoa “garrantzi politiko handiko aurreakordioa da”. Haaber, Ruizek dio negoziazioetan ez dutela espetxe politikaz hitz egin, alderdi eskuindarrak besterik esaten ari badira ere.

Aurreakordioaren zein balorazio egiten duzu?

Balio politiko handiko aurreakordioa da. Inbestidurari bide eman genionetik esan genuen publikoki, eta baita pribatuan ere gobernuari, aukera bazegoela eskuinari alternatiboa izango zitzaion gehiengo bat osatzeko eta akordioetara iristeko, baita aurrekontuen fasean ere. Eta hori albiste ona da nafar jendartearentzat. Hasieratik esan genuen gobernuak bazeukala eskuinera ala ezkerrera begiratzerik. Albiste txarra izango zen eskuinera begiratu izan balu.

Azken finean akordio programatikoari begiratzen badiogu eta aurrekontu proiektuari begiratzen badiogu egia da neurri handi batean jarraitzen zaiola aurreko lau urteotan egindakoari eta onartutako aurrekontuei. Logikoa zen EH Bildurekin esertzea aurreakordio batera iritsi ahal izateko.

Normalizazio politikoaren bidean aurrerapausoa bistakoa da, baina atentzioa eman digu aurreakordioa ezagutarazteko moduak: bart iluntzean EH Bilduk prentsa ohar bat, jarraian gobernuak beste bat, bakoitza bere aldetik, argazkirik gabe. Zergatik ez duzue batera aurkeztu?

Finean aurreakordio bati buruz ari garelako, eta oraindik hainbat kontu ditugulako ixteko, eta emendakinen fasea iritsi bitartean, oraindik adostasun batzuk lotu behar ditugulako. Aurreakordioak konpromiso minimo batzuk biltzen ditu, eta nagusia da bihar amaituko den epe hori osoko zuzenketak aurkezteko ez dugula baliatuko, eta tramitazioarekin jarraitzeko eta aurrekontuen onarpena ahalbidetzeko moduan egongo garela, gobernua hainbat kontutan eta konpromisotan mugitu dela aintzat hartuta. Esaterako, hasiera batean gastu sabaia mugitzea ezinezkoa zela ematen zuen, eta azkenean mugitu da. Ikusiko dugu zertan gelditzen den, baina ari da kalkulu batzuk berriro egiten, diru sarrerak hobeto kalkulatuz, eta horrek aukera emango digu aurrekontu hauek emendakinen bidez hobetzeko. Era berean, politika publikoetan eragiteko asmoz, berme politiko batzuk ezarri nahi izan ditugu akordio zehatzen bidez eta horretarako ere gobernuak prestutasuna azaldu du. Akordioa ixten dugunean, izango dugu beste argazki bat, arazorik gabe.

Gastu sabaia birkalkulatzen ari dela diozu. Zer adostu duzue aurreakordioan, gutxieneko igoera bat?

Ez gara xehetasunetan sartuko, azkenean ikusi behar dugulako zein den bukaerako argazkia. Baina tarte bat izango dugu emendakinak sartzeko eta bide horretan, aurrekontuak eskubide sozialen, zerbitzu publikoen duintzearen eta lurralde orekaren ikuspegitik hobetzeko. Horretarako konpromisoak badaude. Zenbakiak egiten ari gara, jakina, baina oraindik aurreakordio batez ari gara.

Zenbakiez landara, konpromiso politikoak aipatu dituzu. Zeintzuk dira konpromiso horiek?

Emendakinetarako planteatu ditugun helburu berberak dituzte konpromisoek. Aurrekontuetan gai batzuetan badira gabezia nabarmen batzuk. Xehetasun handitan sartu gabe, 0-3 hezkuntza zikloan duintasun maila bat ezartzeko ibilbide orri bat ezarri dugu, Hezkuntza Departamentuak beregain hartzeko Nafarroako Gobernuarenak diren haur eskolekin eta besteekin bide bat egiteko zikloaren duintzea eta izaera hezitzailea bermatzeko. Zerbitzu publikoen blindatzea eta pribatizaziorik ez egiteko konpromisoa. Pentsiorik baxuenak duintze aldera gobernuak hainbat azterketa egin beharko ditu, 1.080ko ortzi-muga hori buruan. Eta beste hainbat kontu, bai hezkuntzari bai eskubide sozialei oro har dagozkionak. Udalen finantzazioa duintzeko eta hobetzeko konpromiso zehatz batzuk. Horiek izango dute isla emendakin zehatzetan ere.

Hizkuntza politikaz mintzatu al zarete?

Hizkuntza politikaz hitz egin dugu, eta hor ere hobekuntzak egin ahal izatea espero dugu. Oso kontziente gara gobernuarekin, edo gobernuko kide batekin, PSNrekin, ditugun mugez, eta ikuspegi ezberdinez, baina edozein kasutan iruditzen zaigu herritarren eskubideaz zabaltzeaz eta bermatzeaz ari garenean hizkuntza eskubideak, jakina, eskubide sozialak badira, eta bide horretan gure esku dagoena eginen dugu aurrekontuetan oso eskas gelditu diren hainbat politika pixka bat duintzeko, gutxienez.

Eta espetxe politikaz aritu al zarete? Izan ere, PPko diputatu Ana Beltranek dio presoak hurbiltzearen truke onartuko dituzuela aurrekontuak.

Ni ez naiz sartuko eskuinak markatu nahi duen marko horretan. Agerikoa da aurrekontuez hitz egin dugula, agerikoa da nafar gobernuak dituen eskumenen baitan hitz egin dugula, eta beraz gai hori ez da mahai gainean egon, inondik inora.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!