U30 Greba orokorra

Nafarroako berrehun enpresa baino gehiago atxiki zaizkio hilaren 30eko grebari

Euskalerria Irratia 2020ko urt. 21a, 13:20

Euskal Herri osoari begira, orotara, 1.200 enpresak eman diote atxikimendua grebari, eta 170 greba batzorde sortu dituzte.  

Bederatzi egun geratzen dira Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitua duen greba orokorrerako, eta ELA, LAB, STEILAS eta ESK eta sindikatuek greba egunaren epizentro izango den Gaztelu plazan egin dute agerraldia gaur, greba babesten duten enpresen berri emateko.

Orotara, berrehun enpresa batzorde atxiki zaizkio grebari, eta hala, ehunka langilek adierazi dute hilaren 30ean kalera aterako direla lan, pentsio eta bizi duinen alde. Euskal Herri osoari begira, orotara, 1.200 enpresak eman diote atxikimendua grebari, eta 170 greba batzorde sortu dituzte.  

1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lanaldia, soldata arrakalarekin amaitzea eta azpikontratazioetan subrogazioa bermatzea dira grebaren deitzaileen eskakizun nagusiak, eta sindikatuetako ordezkariek argi utzi nahi izan dute ez dituztela onartuko bestelako neurri partzial batzuk. “Sindikatu batzuek grebari uko egitea eskatzen digute; guk, aldiz, eznahikoak eta partzialak diren neurriak ez ditugu onartzen, inoiz ez diogulako uko egingo gurea denari, gure eskubideei”, adierazi du ELAko Miren Goñik.

“Gehiengo sozialarentzat” gobernatzeko unea dela aldarrikatu dute, eta egun indarrean diren eskubideak langileen urtetako borrokei esker lortu direla azpimarratu.

Sindikatuak, baikor

Gertu dago urtarrilaren 30a, eta ELA eta LABeko kideak baikor azaldu dira egunari begira. Haien ustez, azken egunotan giroa berotzen ari da, eta gero eta jende gehiago konturatzen ari da “une egokia” dela mobilizaziorako. Nabarmendu dute langileriak pisua izango duela greban, baina Euskal Herriko eskubide sozialen kartak, sindikatuak ez ezik, askotariko gizarte mugimenduak ere hartzen dituela, eta ondorioz, deialdia “arrakastatsua” izango dela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!